Ekimenak

Euskariak sinadura bilketa hasi du dokumentu honen inguruan. Testuarekin ados bazaude, azal iezaiguzu zure atxikimendua, Sinadura Bilketarekin kontaktatuz formulario honen bitartez. Eskerrik asko.

BURUJABETZAREN ALDEKO PROZESUA BERPIZTEKO AGIRIA

Euskal Herriak Espainar eta Frantziar Estatuekin oraindik konpondu gabeko gatazka politiko eta kulturala du, historian luze iraun duena. Gatazka honek belaunaldi askorengan eta gizarteko sektore guztiengan izan du eragina eta adierazpen bortitz anitz izan du.

Zaila bezain ezinbestekoa den bake prozesu baten hastapenean gaude. Eta horren aurrean, herritar gisa, gure prestutasuna azaldu nahi dugu konponbide iraunkorra lor dadin, behin betiko akordioak alde guztiei biolentziaren erabilpena ekidinerazi diezaien.

1998an Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalek esan zutenez, ?egungo marko juridiko-politikoa agortuta dago?. Hori dela-eta, gaur egun gatazkaren muina diren hainbat eztabaida berriro plazara daitezke.

Heldu da unea Euskal Herriak bere araubide burujabea izateko. Araubide horrek herritar guztiei eskubide-berdintasuna bermatu behar die eta tresna egokiak jaso behar ditu Euskal Herriko erabaki nagusiak euskal herritarron esku egon daitezen.

Euskal Herriko herrialdeetan egon daitezkeen abiadura eta eduki ezberdinak errespetatzen ditugularik, inor baztertuko ez duen aldaketa politikorako prozesu parte hartzailea aldarrikatzen dugu.

Gizabanako zein taldeko giza-eskubide guztien errespetua exijitzen dugu: zibil, politiko, sozial eta nazio eskubide guztiak, alegia.

Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalen artean elkarrizketa eta negoziazio prozesua ireki dadila eskatzen dugu, aldaketa politikorako beharrezkoak diren tresna demokratikoak ados ditzaten. Herri-burujabetzan oinarriturik, adostu beharreko tresna horiek guztiek helburu politiko zilegi oro demokratikoki praktikara eramatera ahalbideratu behar dute.

Agiri honen bidez, sinatzaileok status juridiko-politiko berri baten aldeko konpromiso sendoa adierazten dugu, hain zuzen, bide emango duena Euskal Herriak, kanpoko esku hartzerik gabe, bere oraina eta bere etorkizuna erabakitzeko.

Euskaria Fundazioa

************

Testuarekin ados bazaude, azal iezaiguzu zure atxikimendua, Sinadura Bilketarekin kontaktatuz formulario honen bitartez. Eskerrik asko.