Maltzagako Mahaiaren azkeneko agiria
01-12-2009 ¦ prentsa bulegoa
Estatu estrategei aurre egin
Panorama politikoa argitu egin da
Eragile guztien kokapen politikoa argitu da azkenengo bolada honetan. Azkeneko atxiloketek Estatu espainarren benetazko xedea (berriz ere) agerian utzi dute. Epaileek eta politikoen eskutik, batera koordinaturik Batasunari jardun politikoa osoa debekatuko diotela bistan da. Aurreko bi hauteskundeetarako (Nafarroakoak eta EAEkoak) sortu zuten trikimailua hurrengo hauteskundeetan erabili nahi dute abertzale guztiak boteregune guztietatik botatzeko. Ez dute ezkutatzen, plazaratu dute, lotsarik gabe.
Atxiloketei eman zitzaien erantzun zabala, koloretsua, indartsua eta berria ezin da egin bateko sualdi baten isla izan, lan iraunkor eta estrategikoaren hazia baizik. Donostiako kaleetan gehiego alternatiboa ikusi ahal izan genuen. Polo Antidemokratikoaren jarduna gelditzeko gaitasua duen gehiengo politiko, sindikala eta soziala, alegia. Izan ere, egunotako adierazpen publikoek mugarri bat zeharkatu dela baieztatuko lukete.
Estatu Estrategiak indarrean daude
Azkenengo hilabeteetan Frantziar Estatuak haren xede politikoa berretsi du. Alde batetik, haren barruan dauden nazio eta kulturekiko mespretxu osoa nabarmendu duelarik, deszentralizazio politiko faltsu bati ekin omen dio.Beste aldetik, euskararen ukazioak aurrera darrai. Ipar Euskal Herriari dagokionez, gizarte euskaldunaren eskaerekiko erantzunik ez du ematen. Hizkuntza arloan, autonomia arloan baita AHTren arloan ere. Espainiar Estatuak estrategia politiko finkoari eusten dio. Espainian dagoen nazio eta kultur aniztasuna ez du onartzen eta, horren ondorioz, Euskal Herria ukatzen jarraitzen du. Justizia sistemari dagokionez, azkenengo atxiloketek argi utzi dutenez, Estatu espainiarrean botere banaketarik ez dago. Demokrazia izatera iritsi ez den sistema politikoa pairatzen dugu Euskal Herrian.
Espainiar indar politikoak
Hegoaldean, egungo egoera politikoaren lidergoa UPN-PP eta PSOEren eskuetan dago. Arestian sorturiko Fronte Nazioalari esker, euren helburuak lortzeko edozein bide zilegitzat jotzen dutelarik, iruzur politikoa normaltzat har dezagula nahi dute. Helburua: erakunde guztien kontrola eskuratzea
Fronte nazionalista espainiarrak ez du eredu demokratikorik nahi ez du BAKEA nahi. Euskal gatazka KRONIKOA bihurtu nahi du. Dagoeneko, hainbat keinu egin dute : euskararen normalkuntzaren aldeko egindako lan guztia zapuztu nahi izatea, ikur espainolen erabilera iraingarria, hezkuntza sisteman aldakta atzerakoiak inposatu nahi izatea…
Euskal indar politikoak
Bitartean, Euskal Herriko alderdien artean ez du ematen benetan gertatzen ari denaren larritasunaz ohartu garenik, abertzaletasun multzoan sakabanaketa besterik ez baitugu ikusten. Hala eta guztiz ere, gu ziur gaude ideologikoki inoiz baino hurbilago dugula ekintza batasuna. Bakearen nahiak eta euskal marko juridiko-politiko burujabea lortzeko nahiak elkar gaitzakete. Bi nahi eta behar horien inguruan elkartzea beharrezkoa bezain lorgarria da. Espainiar Estatuak haren Estrategi Nazionalari eutsi dion bezalaxe, Euskal Nazioak ere horrelako jokamoldea behar du. Hori gabe, gure biziraupena kolokan jarriko litzateke. Bestalde, oso positibotzat jotzen dugu azkenengo atxiloketen aurrean emandako erantzun bateratua, hots, Donostiako manifestaldia, zein eragile batzuek adierazi duten prestutasuna. Aurrerago joateko, eragile gehienek azpimarratu duten bezala, gatazka armatuaren amaiera ezinbestekoa da.
Maltzagako Herri Ekimenaren eta Maltzagako Mahaiaren betebeharrak Maltzagako Herri Ekimena burujabetzaren aldeko herritar sare gisa jaio zen 2007an. Lizarra-Garazi txikiek bere garaian lortu zuten legez, erakunde ezberdinen arteko militante eta zaleen arteko harremana sustatu nahi dugu. Egitez, nabarduren gainetik elkarlana posiblea dela ikusten dugu. Elkar ezagutzatik konfidantzara iritsi nahi genuke. Hori dela eta, 1511 lagun biltzen dituen sare hau aktiboagoa izan dadin, Urtarrilan Osoko Bilkura egingo dugu. Bestalde, Maltzagako Mahaia izena duen talde eragileak PNV, Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta ABko kideak elkarrekin lanean jartzea bideragarria dela egiaztatu du. Mahaia indartzen ari da eta lantalde honek bere burua eskaini nahi du herri estrategiaren bitartez lortu nahi ditugun helburuei heltzeko. Hau da, hauteskunde lehietatik at, herri estrategia bideratzeko eta Burujabetza eta Bakearen aldeko Blokea gauzatzeko.
Kolidergoa
Euskal gehiengo alternatiboa osatzen dugun eragile guztien parte hartzea beharrezkoa da. Epe laburreko kalkulu elektoralen gainetik inor baztertuko ez duen bilguneak behar ditugu. Burujabetzaren Aldeko Blokearen aniztasuna osasungarria da. Hala eta guztiz ere, aniztasun hori onartzeaz gain, aniztasuna landu behar da, hegemoniakeria izan baita euskal mugimendu abertzaleak gehien ahuldu duen jokabide zaharkitua. Talde bakarrean oinarritutako estrategatik elkarlana, kolidergoa eta aniztasuna bultzatzen dituen estrategiara abiatu behar garela uste dugu.
Bilkura honen helburua
Bilkura honen bitartez, Maltzagako Mahaiak ondorengo erronkak eta asmoak zeintzuk izango diren iragarri nahi ditu. Etorkizunari begirako erronkak lehenengo mailakoak baitira eta herrikide aktiboak behar ditugulako Burujabetza eta Bakea defendatzen dituzten alderdi, sindikatu edota eragile guztien batasuna bultzatzea dugu xede eta Maltzagako Ekimenak eraiki beharreko zubiak egin daitezen bere ekarpena egingo du. Ezker Abertzalearen talde nagusiaren behi betiko ilegalizazioa lortu nahi dute. Alderdien legeaz baliatuz, hurrengo urteetan egin beharreko hauteskundeetan abertzaletasuna erakunde guztietatik bota nahi dute. Parerik gabeko iruzur hau ekidituko duen estrategia adostea beharrezkoa da. Hemendik aurrera bultzatu nahi ditugun elkar ulermena eta lana egoera antidemokratiko horri aurre egin beharko diote. Hori lortzeko ezinbestekoa izango da bide zibil eta politikoen aldeko apustu garbia eta Euskal Herria ukatzen duten alderdiekiko lehia politikoa zuzena.
Hurrengo pausuak
Erronka horiek burutzeko, abenduan Maltzagako Aldarriaren sinatzaileon urteroko biltzarra egingo dugu eta gune hau indartzeko kontaktuak egingo ditu, gure ustez, Maltzaga indar abertzaleon elkarlanerako tresna eraginkorra izan baitaiteke. Aberri Eguneko ekitaldiekin uztarturik, berriz, beste ekitaldi publikoa antolatuko dugu.
