ARI GARA , sare independentista
28-02-2010 ¦ prentsa bulegoa
Trensa berriak garai berrietarako
Euskal Herriko independentziaren aldeko sarea aurkeztu dute Donostian: Independentistak. «XXI. mendeko euskal independentistak indarrak biltzen eta antolatzen hasiak gara ekimen berri bat gorpuzteko», esan zuten atzo. Sare gisako mugimendu bat osatu nahi dute. Prozesu irekia garatu nahi dute, eta bazter guztietara zabaldu. Alderdietatik askea, norbanakoek osatutako gizarte sarea dela nabarmendu dute. «Ez da alderdien mahai bat, ez inoren aginduetara dagoen ezer. Bere buruaren jabe den mugimendua da».
Ari Gara izeneko aldarrikapenarekin ekin diote ibilbide publikoari. Atzo egin zuten aurkezpena Donostian, Miramar jauregian. Ia 140 lagunen atxikimendua lortu dute, eta haietako batzuk atzo Miramarren ziren, hala nola Rafa Larreina, Karmele Aierbe, Floren Aoiz, Maiorga Ramirez, Sabin Intxaurraga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Koldo Amezketa, Nekane Alzelai, Joan Mari Irigoien eta Ramon Agirre. Baina atxikimendu zerrenda luzeagoa da, eta hori luzatzen segitzea dute helburu gainera.
Atxikimenduak pilatzeaz gain, Aberri Eguna dute hurrengo helmuga. Atzo aurreratu zuten apirilaren 4an Irun eta Hendaia artean ospatuko den Aberri Egunerako deia prestatzen ari direla.
Maite Aristegik eman zuen aldarrikapenaren berri euskaraz, Txutxi Ariznabarretak gaztelaniaz eta Theresa Alsuetek frantsesez. Aurretik, mugimenduaren azalpena eman zuten Garbiñe Buenok, Naroa Iturrik eta Battitta Ameztoik euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, hurrenez hurren.
Norbanakoen ekimena
Euskal Herriaren independentziaren alde lana egitea dute helburu. Jatorri eta esparru askotako euskaldunak osatua da ekimena, atzo aurkezpenean aurreratu zutenez.
Independentziaren alde egin nahi dutenentzako irekia den sarea osatu nahi dute. «Norbanakoez osatua, mugimendu independentea, alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at egonen dena, askotarikoa, batzen gaituena lehenetsiz».
Euskal Herriak independentziaren aldeko mugimendu zabala eskatzen duela iritzita abiatu da ekimena. «Ez gara ETAren ustezko borondatea gauzatzen ari, baina ez dugu onartuko ETAren aitzakia erabiltzea mugimendu independentista plural eta zabala osatzeko aukera oztopatzeko».
Euskal herritarrek euren buruaren jabe izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute. «Geure estatua sortu nahi dugu, hauxe baita munduan libre bizitzeko era onena».
Bide hori demokrazian oinarrituta egin nahi dute, eta bide demokratikoetatik. Nazio Batuen Erakundeak 1948an hitzartutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunarekin bat egiten dute. «Jarduera eta erabaki demokratikoak defendatzen ditugu. Gauza bera eskatzen diegu Euskal Herriarentzat beste nazio egitasmoak bultzatzen dituztenei, denok onar dezagun jendartea dela erabakiak hartzeko subjektu bakarra».
Independentziaren aldeko hautua debekatua dagoela salatu dute Ari Gara aldarrikapenean. Hori dela eta, iragarri dute independentziara iristeko bidea urratzeari ekingo diotela. «Euskal Herriaren aitortza, bere lurraldetasunaren errespetua eta autodeterminazio eskubidea bermatzen dituen agertoki demokratikoaren alde egingo dugu lan, independentziaren aldeko apustua egiten ez dutenekin batera».
Independentistak.net webgunea egin dute. Atxikimenduak emateko aukera dago hor. Eta Twitter eta Facebook sare sozialak ere baliatuko dituzte ekimena zabaltzeko.
Independentziaren aldekoak sarean sartzera gonbidatu dituzte horrenbestez. Eta hurrengo hitzordua apirilaren 4rako jarri dute, Aberri Egunean, Irun eta Hendaia artean.
«Ari gara» adierazpena Abian gaude!
Euskal jendarteari eta, oro har, interesa izan dezaketen guztiei jakinarazi nahi diegu guk, XXI. mendeko euskal independentistok, gure indarrak biltzen eta antolatzen hasiak garela ekimen berri bat gorpuzteko. Argi utzi nahi dugu abiatu garela, hodeiertz garbia dugula eta hurrengo hileetan sare gisako mugimendu hau osatzeko eta bazter guztietara zabaltzeko prozesu irekia garatuko dugula.
Parte hartzea oinarri izango duen sare gisako mugimendu zabala jarriko dugu abian. Norbanakoez osaturiko esparrua, mugimendu independientea, alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at egonen dena, anitza, batzen gaituena lehenetsiz, norberaren nortasun, kultura eta pentsamenduak babestuko dituena.
Gure herriak eskatu digulako! Lau haizetara zabaldu nahi dugu gure herriaren eskaera dela, gure herriaren nahia dela ahalegin hauen atzean dagoena. Horrek mugiarazten gaitu eta ez beste ezerk. Ez gara ETAren ustezko borondatea gauzatzen ari, baina ez dugu onartuko ETAren aitzakia erabiltzea mugimendu independentista anitza eta zabala osatzeko aukera oztopatzeko.
Independentzia Euskal Herriarentzako aukerarik onena delako. Gure naziotasuna, gure hizkuntza, gure kultura, gure ekonomia, gure jendartearen aurrerapena eta ingurumenarekiko oreka bermatzeko biderik zuzenena delako, gure herriko bazter guztietara hedatuko dugu independentziaren aldeko aldarrikapena. Izan ere, euskaldunok, munduko biztanle guztiok bezala, gure buruaren jabe izateko eskubidea dugu eta eskubide hori gauzatuz, geure estatua sortu nahi dugu, hauxe baita munduan libre bizitzeko era onena.
Demokrazian oinarrituta, bide demokratikoetatik, gure herriak demokratikoki bidea har dezan. Nazio Batuen Asanblada Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean adostutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunarekin bat eginik, guk, bide, jarduera eta erabaki eredu demokratikoak defendatzen ditugu.
Gauza bera eskatzen diegu Euskal Herriarentzat beste nazio egitasmoak bultzatzen dituztenei, denok onar dezagun jendartea dela erabakiak hartzeko subjektu bakarra. Jakin badakigu gaur egun espainiar eta frantziar legediek galarazten dutela Independentziaren aldeko hautua. Honenbestez, independentziara iristeko bidean zeharkatu beharreko geltokia den Euskal Herriaren aitortza, bere lurraldetasunaren errespetua eta autodeterminazio eskubidea bermatzen dituen agertoki demokratikoaren alde egingo dugu lan, independentziaren aldeko apustua egiten ez dutenekin batera ere.
Aberri Eguna lehen ekimena. Apirilaren 4ean independentista guztiok batera Aberri Eguna ospatu eta aldarrikapena kalera ateratzeko deialdia lantzen hasiak garela jakinarazi nahi dugu.
Donostian, 2010eko otsailaren 27an
