« Volver a la noticias

euskara aukeratzeko eskubidea

23-03-2010  ¦  prentsa bulegoa

manifestazioa hilaren 28an Iruñean

ASKATASUNAREN ALDEKO MANIFESTUA

Aldaketa handiko garaia bizi dugu eta aldaketek birkokatzera behartzen gaituzte. Kinka honetan Nafarroako Gobernuaren jarrerak kezkatu egiten gaitu. Alde batetik, kanpora begira, Nafarroako Gobernua gizarte anitza –Lur Anitza-, mundura zabalik, aurreratua eta kalitate eta bikaintasun eredua dela ikustarazten saiatzen da. Beste aldetik, Nafarroaren barnean, Gobernuak ez du aniztasuna onartzen, gizartearen zati bati aukerak ukatu egiten dizkio eta ez dio berdintasunean garatzeko aukerarik ematen.

Nafarroa osoan ingelesezko eskola eskaeraren arabera emateko prest agertzen den UPNren Nafarroako Gobernuaren aurpegi eskuzabala, begitarte zeken eta ozpindua bihurtzen da euskara ere eskaeraren arabera eskaintzea eskatzen diogunean.

Aurpegi atsegin horrek berak, irakasle eta ikasleek ingelesa ikas dezaten Kanadan egonaldiak ordaintzen dituenak, euskaraz ikasten duten ikasleendako eskolaz kanpoko jarduera eta hizkuntza sendotzeko egonaldietarako diru laguntzak izugarri murriztu ditu, erabat desagerrarazi ez dituenean.

Gobernuaren aurpegi atsegin horrek, Euskararen Foru Legea azken punturaino betetzen duela behin eta berriz dioenak, 100 eurora txikitu du eremu ez euskaldunean bizi eta euskaraz ikasteko ezinbestez beste herri batera mugitu behar duten neska-mutikoen garraiorako diru laguntzak. Nafarroako Gobernuak beste herri batera mugitzera behartzeaz gain, haurren eskolatzea gero eta zailago jartzen die hainbeste familiari.

Guk ere nahi dugu gure seme-alabek atzerriko hizkuntzetan hitz egiten jakitea, baina Nafarroako bi hizkuntzak ongi ezagututa. Hau da, gure xedea ez da euskara-gaztelania elebitasuna. Elebitasun hori gure seme-alaben eleaniztasun zabalaren oinarria izatea nahi dugu, bertako hizkuntzez gain, atzerriko hizkuntza bat edo biren gaitasuna emanen diena.

Gobernuak, Nafarroari abangoardia eta kalitate irudia emateko ahaleginetan, teknologia berriak eta ingelesa bultzatzen ditu, baina nafar euskaldunen beharrei bizkarra ematen die. Teknologia digitalak Estatuko nahiz atzerriko telebista asko hartzea ahalbidetzen du, halere gaur gaurkoz Gobernuak ez du ETB hartu ahal izatea ziurtatzen, tokiko irrati-telebistak diruz itotzen ditu eta Iruñerrian euskarazko irrati bati lizentzia ematea etengabe oztopatzen du. Abangoardismo eta kalitateak tokikoa eta hurbilekoa zaintzeari lotuta joan behar dute. Ezin dugu ulertu nolatan ikusi eta entzuten ahal ditugun ingelesez, frantsesez edo arabierazko emanaldiak doan eta, aldiz, euskarazko hedabideak ez ditugu bermatuta.

Krisi larria gainean dugula, gastu publikoa txikitzeko ahaleginak egiten ari direla sinestarazi nahi digute baina, berriz, murrizketarik latzenak euskarari dagozkion diru sailetan egin direla ikusi dugu: haurrak euskaraz eskolatu dituzten familiak, euskaraz ikasten duten ikasleak, euskarazko hedabideen ikusle, entzule eta irakurleak. Nafar gizartearen zati batentzat krisia bi halakoa da.

Betebeharretan berdinak bagara, eskubidetan ere berdinak izan behar dugula uste dugu. Horregatik Nafarroako gizarterengana jo nahi dugu heldu den martxoaren 28an eginen dugun manifestazioarekiko atxikimendua eta babesa eskatzeko. Manifestazioa hilak 28, igandean, eguerdiko 12:00etan eginen dugu, autobus geltoki zaharretik Sarasate pasealekura, honako lelo honen pean:

“Euskara hautatzeko askatasuna” “Libertad para elegir el euskera”