testu bilduma

  1. 05.13

Premiazkoa: Bakea.Garrantzizkoa: Independentzia

Herri honetan gertaerek aurrea hartzeko eta horrela, proiektu politikoak hauts bihurtzeko ohitura dute. Hala gertatu zen Ibarretxe Planaren iragarpenak adierazpenetan eta planteamenduetan izan zuen eraginarekin eta gauza bera gerta dakiguke pasa den martxoko Su-eten iraunkorraren iragarpenarekin.

Iragarpen honek sortutako eszenatoki politiko berriak, nahiz eta luzaroan itxarondakoa izan, agente politiko gehienongan nahaspila eragin du adierazpen eta jokaera kontrajarriak loratuz. Agente politikoek interes handiagoa dute komunikabideetan euren presentzia bultzatzeko nazio gisa gure burujabetasunaren gauzatze askea ahalbidetuko duen etorkizuneko estrategia bat sendotzeko baino.

Une zehatzotan gure Herriko eta Espainiar zein Frantses Estatuko agente politikoek, gizarte zibilaren arreta bake prozesu baterantz zuzentzen dute. Bake prozesua luze aurreikusten da eta alderdi guztiek beronen emaitza positiboa hauteskundeetarako errentagarri bihurtzeko asmoz protagonismorik handiena nahi dute.

Epe motzeko Herri ikuspegi batez jokatzen dute gure ustez, askotan besteen mugimenduak erreferentziatzat hartuz; horrela, uneren batean sortzea espero dugun negoziazio/elkarrizketa-mahai desiratuetan beren presentzia bermatuko duen egoera batean kokatzeko.

Bake prozesuak porturatze ona izan dezan ahalegin guztia egingo dutenen artean kokatzen gara gu, jakina. Honek ez du esan nahi Estatu independente gisa eratzeko bidezko gurariek bazterrean geratu behar dutenik; sortutako eztabaidan Euskal Nazioaren subiranotasunari buruzko edo Autodeterminazio Eskubidearen egikaritzeari buruzko edozein aipamen egitea lekuz kanpokotzat har daitekeen punturaino.

Euskarian ekintza eta hausnarketa prozesu bat hastera goaz, Euskal Independentismoaren hastapenak etorkizunera begira birformulatzera eta eszenatoki politiko berrian gure jardunak finkatzera eramango gaituena.

Ondorengo hausnarketak proposatzen ditugu horretarako:

Euskal Herria Mendebaldeko Europako eremu geografiko jakin batean kokatzen da, bertan, Monarkiaren edo Errepublikaren egiturapean, demokrazia da Estatuen kudeaketarako eredu politiko bakarra eta baztertzailea. Espainiar Estatuan, Diktadura Frankistaren birziklapena demokraziara egokitutako Gobernu sisteman sendotuta (euskal abertzaletasunaren sektore garrantzitsu baten laguntzaz), Nazio gisa independentzia lortzeko tresna izateko aukera guztiak galdu zituen borroka armatuak. Bere desagerpena denbora kontua zen eta luzapena, hein handi batean, Espainiako Alderdi nagusiek lortzen duten errentagarritasun politiko eta elektoralak eragin du.

Euskal herriaren parte baten babesik gabe hain luze iraungo ez zuen borroka armatuak, ondorio batzuk ekarri ditu. Batetik abertzaletasunaren joera anitzak aurrez aurre jarri ditu eta bestetik, Autodeterminazio eskubidea egikaritzeko mugimendu abertzalearen proiektu komunaren falta ere ekarri du.

Borroka armatuaren amaiera eta bake eszenatoki iraunkorra lortzea dira beharrezko aurrekariak. Egungo marko juridiko-politikoaren aldaketa lortzea eta Euskal Herria Estatu independente gisa nazioartean onartzea posible egingo duen prozesu batean, aurrekari hauek dira Euskal gizartearen gehiengoak bere egiten dituenak.

Horregatik guztiagatik, premiazkoa Bakea da eta horrexegatik EUSKARIAko gizon eta emakumeek azalduko diren foro eta ekimen guztietan arituko gara parte hartuz eta elkarlanean, baina gure partehartzearen ekarpenak plus bat izango du: aldarrikapen soberanista.

Bakea justizia eta giza eskubide indibidual eta kolektiboen errespetua ere bada eta Euskal Herrian giza eskubide kolektiboen errespetuak Autodeterminazio Eskubidearen onarpena ere hartzen du.

Desegokitzat har gaitzaten arriskuaz gaindi, agertu nahi dugu Bakearen lorpena Independentziaren alde lanean jarraitzeko etapa bat dela.

Euskal agente politikoen gehiengoak Euskal Nazioaren aldarrikapena baztertzen duen une hauetan, EUSKARIAK mezu hau zabaldu nahi du: lehenik eta behin nazio bat gara, herri bereizi gisa gure existentzia defendatzeko autogobernurako borondate politikoaren adierazpen iraunkorra beharrezko eta ezinbesteko betekizun dugularik. Eta Autodeterminazioaren eskubidea gauzatzea da, gizarte demokratiko batean, Independentziarako bidea.

Bakerik gabe ez dago Nazio gisako Independentziarako bide demokratikorik, baina Bakeak ez badakartza Euskal Herriaren Autodeterminazio Eskubidearen onarpena eta berau gauzatu dadin beharrezko baldintzak, Euskal Herrirako ez da ez Justiziarik ez Demokraziarik izango eta lehentxeago edo geroxeago Bakea eten egingo da.

Beraz, Bakea premiazkoa da baina Independentzia da garrantzizkoa.

Joseba Mikel Aguirre, Jon Nicolás, Gorka Azparren, Txema Landa

EUSKARIA FUNDAZIOKO KIDE

ABERRI EGUNA 1992

Aberri eguna dela eta, EUSKARIAk abertzale guztiei adierazi nahi die:

Egin ahal guztiak egin ondoren, behin eta berriro, ez garela kapaz izan Ikurriña haundi baten hegalpean elkartzeko. EUSKARIAk abertzale guztiei oroitarazi nahi die:

  • Geure subiranotasuna Euskal Herriaren babesean dagoela eta ez Espainiako eta Frantziako parlamentuetan. Geure subiranotasuna berreskuratzeko eskubidea legezkoa dela, eta abertzale guztiondako ezinbertzeko betebeharra dela. Geure subiranotasuna berreskuratzea eguneroko zeregina dela eta ez bakarrik gaur bezalako egun nabarmenekoa. Geure subiranotasuna eragiketa eta egiazko Euskal Herriaren irautea bermatuko duen estatus bakarra independentzi politikoa dela. Euskal Herriaren independentziak nahitaezkoa du mugimendu, alderdi, elkarte eta abertzale guztion erreibindikazio batua. * Aturritik Ebrora, Erronkaritik Enkarterrietaraino Herri bakarra osatzen dugu, nazio bakarra; Ez da urrun, baturik jokatzen badugu, politikoki Euskal Herri independiente bakarra izanen gareneko eguna.

Gora Euskalerria Askatuta. 1.992 - 04 - 19

Errealitatea onartu ala aldatu

GAMAZADAREN URTEURRENA

EHUN URTE GEROAGO

  1. 893 urtean Espainiar estatuko gobernuak Gamazo ministrioaren bidez, gure burujabetasuna mermatzen zuen lege uniformatzaile eta zentralista bat ezarri nahi izan zuen Nafarroan, zeinak paktuak erasotzen zituen eta ordurarte ezezaguna zen zerga zama bat inposatzen zuen. Gertaera hau ez zen erantzun gabe geratu, matxinada mogimendu bat sortu zuen txinparta izan bait zen Nafarroan eta Euskal Herri osoan 1.893-94 biurtekoan.

Gertaera hauek sekulako herri mobilizapen bat sortu zuten, zeinak Nafarroa osoa zeharkatu zuen Iparretik Hegoraino, anaitasuna sortuaz beste herrialdetan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta mugaz bestaldeko nafarretan ere).

XIXgarren mende bukaerako nafar herriak, ekintzez adierazi zuen bere garaian ezagutu zituzten Konstituzio Espainolek ezarritako mugak ez zirela bere neurrikoak, eta urrutirago jo zuten, lehenbiziko burujabetasunaren itzulpena eskatuak, gerrate eta militar okupaziozko mende baten ondoren ohostutakoak.

Baina gure historiaren pasarte hauek estali egin dituzte kronikalari ofizialek eta zentralismoaren aparato kulturalak, interesatuagoak bait zeuden Nafarroaren "espainartasuna" gordetzen historiako egiak azaltzen baino.

XIXgarren mendeko Nafarroako historiak parekotasun haundiak gordetzen ditu gure gaurko historiarekin: Herri bateri egindako errepresioaren historia da, beraiei zegokien izaera eta Aberria defendatzeagatikarmez ezarritako aberriaren aurka jazarpena ezagutu zuten herritarrena. Bidegabekerizko mende bat igaro da ondoren, kartzeletakoa, herbesperapenarena, exiliotakoa, zapalkuntza militarrarena, ekonomi ebaspenerena..., eta historia, berriki errepikatzen da.

Garai hoietan nafar udal askok, beraien herritarren gehiengoaren zentzuan, mozioak onartu zituzten Gamazoren zerga burujabetasunaren aurkakotasuna salatuz eta Foruak defendatzera beraien burua aurkeztuz. Aldi berean sinadura bilketa batek, gaurko erreferendumen aurreko garbia izanik, era paketsu batez eta zalantzarik gabe erakutsi zuen zein zen Nafarroako Herriaren nahi demokratikoa.

Hala ere, Foru agintariek azkar ahaztu zituzten beraien promesak, hala nola herritarren gehiengoaren nahiak, eta Estatu Espainiarraren inposaketen ondoan jarri ziren.

Biurteko honen ondoren, Estatuaren saiakera zentralistek Nafarroako ondasunetarako odol-hustutzaile hutsak izan ziren beste lege batzuetan gauzatu ziren, herriari biskarra emanez onartuak izan zirenak polikari kasta txepel eta kolaborazionista batzuen partetik, "Foru Agintariak" izenez deitzen zitzaienak Espainiar Estatuaren partetik ere.

Gertaera hauek, ondoren gertatutako beste batzuk bezalaxe, berriro berriro gogorarazi zituzten herriaren gehiengoa eta agintari ustelen artean zeuden kontraesan sakonak. Hauek 1.841 urteko legeari helduko zitzaizkion (Paccionada esaten zaiona) eta aurre egingo zioten hauxe nahi zuen herri bateri: 1.839 urteaz geroztik galdutako burujabetasunera itzultzea.

Gaur, 1.918 urtean egin zuten era berean 269 nafar udaletatik 245ek, gure eskubide pribatiboen, gure burujabetasunaren eta bereziki 1.839ko Urriak 25eko legearen ez-onarpena dakartzaten lege guztiak atzera bottzea aldarrikatzen dugu.

Ehun urte beranduago haundia da borroka eta eskakizunezko ezpiritua mantentzen duten kopurua, "1.841 urteako legeari helduta" Madrile eta Parisen zentralismoaren azpian dagoen Nafarroa bat nahiago dutenen aurka.

Gaur, ehun urte beranduago, XXIgarren mendean jarririk begiak, baina gure nagusien borroka izpirituari leialak izanik, inongo, gaurko edo biharko, Nafarroa eta Euskalerri osoaren askatasunari mugak ezarriko lizkioken inolako markurik ez dugu berriro ezagutu nahi.

Gaur, ehun urte geroago, 1.883 urtean Nafarroako foruak eta zerga mailan genituen eskubideak Gamazo ministroaren aurka defendatu zituzten nafarrak omendu nahi ditugu.

Ehun urte eta gero, Nafarroako eskubideak defendatzeagatik gartzela, tortura eta exilioa sufritu eta sufritzen dituzten nafarrak omendu nahi genituzke.

Ehun urte geroago, gure eskubideak adierazten dituen monumentu honen aurrean, formalki adierazten dugu gure burujabetasuna, preskribaezin eta baztertuezina, hastapenetakoa eta konstituzioaren aurrekoa, gure Herrian datzala soilik.

Ehun urte geroago, gu, Nafarroa matxinazale eta damuezinak, Euskal-Herriaren seaska eta bihotz, hankak tinko jarrita gure arbasoengandik jasotako lurrean, gure aiton amonek eraikitako monumentuaren itzalpean, gure eztarrietatik jarraitzen dugu gure ohiu preziatuena botatzen: GORA EUSKAL-HERRIA ASKATUTA.

Nafarroa, 1.993ko Maiatza.