MALATZAGAKO MAHIA ABIAN DA
2008-04-11 ¦ Prentsa bulegoa
gaur Maltzagako mahairen aurkezpena izan da.
Gaur, apirilaren 11an Maltzagako mahai aurkeztu dugu.
Hemen bertan banatutako testua daukazue.
MAHAIKIDEAK:
EUSKAL DIASPORA Santiago Bereziartua (izquierda Vasca)
Mikel Ezkerro (Argentinako EAko kidea)
Txomin Ormaetxea (Argentinako EAJ-PNVko kidea)
IPAR EUSKAL HERRIA
Andde Sainte-Marie
Haritza Camblong
Mertxe Colina
Laida Agerretxe
HEGO EUSKAL HERRIA
Iñaki Aldekoa
Begoña Errazti
Ainhoa Larrañaga
Victoria Mendoza
Xabier Sarasua
Txema Ramirez de la Piscina (Elisa Sainz de Murietak ordekatu du)
Jose mari Esparza
Idazkaritza: Euskaria fundazioa
MALTZAGAKO MAHAIA. DONOSTIA 2008KO APIRILAREN 11a
Sarrera.
2007an Maltzagako ekimena abian jarri genuen. Egun, 1320 lagunek bakea eta burujabetza aldarrikatzen dituen aldarria izenpetu dugu. Euskal Herri osoko eta euskal diasporako lagunak gara, ideologia askotakoak. Herri honekiko dugun konpromisoak elkartu gaitu une berezi baten aitzinean baikaude.
Lizarra-Garaziren Akordioaren garaian ezin izan genion gutxieneko akordioari eutsi, 1998an hainbat gai argitzeke zeuden eta. Euskal Herria nazio gisa ulertzen dugunon arteko estrategia bateratua ez zen posible izan, orain, berriz eskuragarria dela uste dugu.
BAKEA ETA BURUJABETZA
Maltzagako Aldarria sinatu dugun guztiok eta herritar sare hau kudeatzeko sortu den Maltzagako Mahaiak konpromiso bikoitza dugu, hau da, bakearen eta burujabetzaren aldeko lan-konpromisoa.
Bakea Gatazkak dituen adierazpen bortitz guztiak bukatu behar dira. Giza eskubide guztiak, eskubide zibilak, politikoak eta nazionalak salbuespenik gabe bete behar dira. 2006an hasi zen Bake Prozesu saiakerak porrot egin zuen arren, ez dugu etsitzen. Besteak beste, Anoetako Aldarrikapenak gatazkaren konponbiderako ate bat ireki zuen bi elkarrizketa esparru proposatuz: desmilitarizazioa eta arlo politikoa. Aldarrikapen hori ondorio guztiekin bete behar dela uste dugu. Bake Prozesu berri bati ekiteko ezinbestekoa da.
Burujabetza Euskal Herria bost eremu administratibotan sakabanatua dago. Egun ditugun marko politiko-juridikoek ez gaituzte asetzen. Euskal Nazioak bere buruaren jabe izan behar du. Inguruko herriekin ukan behar duen harreman mota zehazteko tresnak izan behar ditugu, askatasunez, kanpoko esku-hartzerik gabe, bortxazko mugarik barik. Marko juridiko-politiko burujabearen beharra dugu. Geroa ukan dezagun eta gero hori modu zuzen eta justuan eraiki ahal izan dezagun, herriak hitza hartu behar du. Herri kontsultak aldaketa politikorako giltza izan daitezke, beti ere, herritarrei galdetzen zaien horretan egiazko aldaketa politikoa ekarriko lukeen alternatibarik baldin badago.
Maltzagako aldarria sinatu dugun 1320 lagunen artetik Maltzagaren baitan dauden sentsibilitate guztiak ordezkatuko dituen lantalde bat osatu dugu, eta lantalde honi MALTZAGAKO MAHAIA izena jarri diogu.
BEHIN-BEHINEKO EGOERA
Burujabetzaren aldeko estrategia adosteko ardura alderdi, sindikatu eta eragile soziopolitikoena da. Maltzagako mahaiaren helburuetako bat hauek guztiak mahai berean elkartzea da. Mahai horri MALTZAGAKO MAHAIA izena eman diogu. Une honetan erakunde horiek ordezkatuko luketen pertsonak elkartzea ezinezkoa denez, ideologia ezberdineko pertsonaz osatutako BEHIN-BEHINEKO MAHAIA osatu dugu.
Behin-behineko lantalde hau Nazio Estrategia bat egikaritzeko helburuarekin lanean hasiko da eginbeharrak aurreratzearren eta behin-betiko mahaia osatu ahal izan arte. Behin-behineko mahaiak lekukoa emango lioke Euskal Herriaren naziotasuna ontzat hartzen duten alderdi eta sindikatuen arteko Maltzagako Mahai iraunkorrari.
Mahai iraunkorraren betebehar nagusia Euskal Herria Burujabetzara eramaten laguntzea izango da.
Gaur, aurkezpen gisa, egoeraren diagnostiko bat aurkeztu nahi izan dizuegu.
Egoeraren diagnostiko xumea
Europako Mendebaldean Estatu-Nazioak sortzen hasi zirenean, Euskal Herriak ezin izan zuen bere garapen propioa egin, ordurako frantziar eta espainiar Estatuek gure lurra eta herria elkarri banatu zizkiotelako.
Espainiar eta frantziar Estatuek nazio izaera hartu zuten unetik areagotu egin zuten lehendik hasia zuten uniformizazioaren bidea. Bi Estatu hauen eremuen baitan existitzen ziren hizkuntzak, ezberdintasun juridikoak, politikoak eta kulturalak ezabatzen ahalegindu ziren, eta Euskal Herriaren kasuan, prozesu hori armen bitartez burutu nahi izan zuten.
Espainiar eta frantziar Estatuekin Euskal Herriak gatazka historiko, politiko eta kultural sakona du, orain arte konpondu ez dena eta adierazgarri bortitzak ukan dituena. Adierazpen horiek alde anitzetakoak dira, belaunaldi askok sufritu dituzte, eta egun, oraindik, giza eskubideen urraketa larria eragiten dute.
Gatazka hau errotik konpondu nahi dugu, errotik konpondu gure egoera herri normal batena izan dadin eta bortizkeria politikoari eta alde guztietako sufrimenduari behin betikoz bukaera eman diezaiegun.
Azkeneko urteetan, Abertzale Mugimenduak saiakera handia egin du eskubide guztiak bermatuko dituen marko-juridiko berria eratzeko. Beharrezkoa den nazio estrategia oraingoz eskuratu ez badugu ere, sekula baino hurbilago daude. Aldaketa handiak gertatu dira Abertzale Mugimenduaren barruan dauden erakunde politiko, sozial eta sindikal guztiengan, eta iritsi da garaia Herri gisa pentsatzeko eta herri gisa erabakitzeko.
BURUJABETZAREN ERREPIDE MAPA
Burujabetzara eramango gaituen prozesuari ekiteko adina indar badago. Prozesua hagitz konplexua eta dinamikoa izan arren, egun, abian jartzeko beharrezkoak diren osagarri gehienak eskura daude.
Maltzagako mahaiak osagarri horiek zehazten, eragileak aurkitzen eta elkarlanerako esparruak sortzen lagunduko du, ondoren burujabetzaren alde dauden eragile guztiei eskaintzeko. Etorkizun hurbilean, eragile hauek “Indargune soberanista” gorpuztu beharko lukete.
2008ko egutegian, data garrantzitsu batzuk ezarrita daude, dagoeneko. Ematen ari diren mugimendu sozial eta politikoetan eragin nahi genuke, sakabanatua dauden indarrak batzen has daitezen eta egin beharreko aldaketak Nazio ikuspuntutik egin daitezen.
2008ko urrian Mendebaldeko hiru herrialdeetan egon daitekeen Herri-Kontsulta Nazio Prozesu batean kokatzea posible dela uste dugu. Erabakitzeko eskubidea aldaketa politikorako beharrezko tresna denez, eskubide hori bete ahal izateko bideak, baliabideak eta guneak sortu nahi ditugu. Baina tresna hori benetako bakea lortzeko erabil dadin, eta euskal herritarrei bidea herri bezala eta burujabe izanik egin nahi duten galdetzeko balia dadin, ezinbestekoa da eragile soberanistek erantzunkizunez jokatzea, hau da, Herri-Estrategia baten mesedetan jokatzea
MALTZAGAko Sarea. Sinadura gehiago lortu. (erronka 5.000 )
Orain arte bildutako sinadura antolatuta dauden lagunen artean jaso dugu. Gehienetan banan-banan mintzatu eta gero, aurrerantzean burujabetzaren aldeko jendarte-sarea izan nahi duen Maltzagako Ekimenak beste bideak ere erabiliko ditu sinatzaile kopurua handitze aldera. Ekimenarekin bat egiteko modurik errazena web-gunearen bitartez da. Helbidea: www.euskaria.eu
ATXIKIMENDUAK: WWW.EUSKARIA.EU HARREMANETARAKO euskagi@euskaria.org
MALTZAGAKO MAHAIKIDEAK
EUSKAL DIASPORA Santiago Bereziartua (Argentinako Ezker abertzaleko kidea) Mikel Ezkerro (Argentinako EAko kidea) Txomin Ormaetxea (Argentinako EAJko kidea)
IPAR EUSKAL HERRIA Andde Sainte-Marie (ABko kidea) Haritza Camblong (Ipar Euskal Herriko EAko kidea) Mertxe Colina (ABko kidea) Laida Agerretxe (Demo)
HEGO EUSKAL HERRIA
Iñaki Aldekoa (Aralarreko kidea) Begoña Errazti (EAko kidea) Ainhoa Larrañaga (Irauliko kidea) Victoria Mendoza (Psikoterpeuta) Xabier Sarasua (Euskariako kidea) Txema Ramirez de la Piscina (EHUko irakaslea), Joxe Mari Esparza
Idazkaritza: Euskaria fundazioa
Oharra: Hurrengo asteetan mahaia osatuko duten beste 6 lagunen izenak zehaztuko ditugu, parte hartzea ziurtatzeko hainbat “aulki” betetzeke utzi nahi izan dugu eta. Bestalde, Maltzagako mahaiak itzal handiko zenbait pertsonen aholkuak jasoko ditu, hori bideratzeko aholkularitza talde zabala sortzeari ekin diogu. Hauen guztien berri maiatzean emango dugu.
