Batasuna eta EAren proposamenak
2009-11-23 ¦ euskaria fundazioa
Urrats garrantsitsuak
Hona azkeneko egun hauetan Batasunak eta EAk aurkeztu dituzten testuak.
Barka ezazue, formatuak ezberdinak dira eta)
EArena
EUSKO ALKARTASUNAREN OINARRIZKO PROPOSAMENA EUSKAL HERRIAREN INDEPENDENTZIAREN ALDEKO AKORDIO SUBIRANISTA SUSTATZEKO
SARRERA
Zalantzarik ez dago 2009an eta, zehatzago, EAEn egindako hauteskundeen ondorengo eszenatokian Euskal Herria bidegurutze batean dagoela erakusten diguten alarma guztiak piztu egin direla, PSOEk eta PPk osaturiko fronte unionista agerian geratu baita.
Iraganean ere Lizarra-Garaziko Akordioan oinarritutako bake eta normalizazio ahaleginaren ondoren gertatu bezala, Loiolako negoziazioen porrotak euskal gizartea frustrazioan murgildu zuen berriz ere 2007an, Euskal Herrian eszenatoki politiko normalizatu bat eta bake egonkor bat lortzeko zituen itxaropenak berriro ezerezean geratu zirelako.
ETAk armak hartu eta indarkeria bortitzari heldu zion orduan eta espainiar Estatuko botereen erantzuna, berdina PSOEren zein PPren aldetik, euskal gatazkaren konponbide negoziatu baterako balizko edozein bide baztertzea eta ixtea izan zen. Gauzak horrela, Eusko Alkartasunak gogoeta sakona egin eta horren guztiaren ondorioz euskal gizarteari zetorkion mehatxua aztertzeari ekin zion: sustrai politikoak dituen gatazka baten betikotzearen arriskua. Arrisku handia, gainera, gatazka geure Herria ito eta bere etorkizuna eta garapena hipotekatzen ari delako eta, are gehiago, orain arte ezagutu ez ditugun eta zenbait esparrutan ere itzulezinak izan litezkeen mugak gaindi ditzakeelako.
Eusko Alkartasunak egoerari buruzko azterketa zintzoa eta zorrotza egin zuen eta ez zuen inolako zalantzarik izan hauteskunde-arriskuak hartzeko orduan, euskal gatazka politikoaren konponbidea indar subiranisten eta independentisten metaketaren bitartez bakarrik lortuko den uste osoa zeukalako. Izan ere, modu horretan, eta bide demokratikoak, politikoak eta baketsuak bakarrik erabiliz, euskal gizartearen gehiengoaren atxikimendua lortzea posiblea izango da, gaur Herri hau espainiar Estatuari lotuta daukaten Estatutuaren eta Foru Amejoramenduaren mugak gainditzeko eta Euskal Herria aintzat hartuko duen eta autodeterminazio eskubidea onartuko duen egitura juridiko-politiko berri bat gauzatzeko helburuarekin.
Gaur Eusko Alkartasunak, ondorio guztiak onartuz, irakurketa zuzena egin zuela esan dezakegu huts egiteko beldurrik gabe. Gaur are beharrezkoagoa da Herri honetako independentisten arteko elkarlan aktiboa eta etengabea. Martxoko hauteskunde autonomikoen emaitza den eta PSOEk eta Ppk osaturiko fronte unionista ezaugarri nagusitzat duen egungo eszenatoki politiko eta instituzionalak alarma guztiak piztu ditu eta Euskal Herria dagoen bidegurutze honetan indar politiko eta sozial subiranisten batzea ezinbestekoa dela agerian utzi du, betiere subiranismo independentistaren bilgune estrategikoa oinarritzat hartuz.
Espainiar Gobernuak ikara dio apustu hori errealitate politiko edota elektoral batean gauzatu ahal izateari eta beldur hori da, hain zuzen ere, urriaren 13ko ezker abertzale tradizionaleko hainbat buruzagiren atxiloketen atzean dagoena. Eusko Alkartasunak berehala salatu zuen epai eta polizia operazio hura jarduera politiko demokratikoaren bitartez bakarrik nazioa ‘egiteko’ modu berri bat sustatzeko estrategia bat abiarazteko aukeraren aurkako erabateko erasoa izan zela, bai eta atxilotuen funtsezko eskubideen urraketa ere.
Eusko Alkartasunak horrela salatu zuen publikoki eta urriaren 17an Donostian egindako manifestazio jendetsuan parte hartu zuen horregatik, akordio subiranista bat sustatzeko oinarrizko proposamen bat zehazteko ahaleginak biderkatzeaz gain. Akordioak erradikalismo baketsu eta demokratikotik espainiar unionismoari aurre egitea izan behar du helburu eta gaur, 2009ko azaroaren 21ean, gauzatzen da, Eusko Alkartasunak Donostian egiten duen Konferentzia Politikoan.
EGUNGO EGOERA
Eusko Alkartasunak adierazten du espainiar Estatuak, gaur PSOE agintean dagoela, oinarrizko eskubide demokratikoak onartzeari dagokionez berriz ere modu nabarian atzera egin duela, gatazka politikoaren irtenbide negoziatua baztertu duela eta konponbide errepresibo juridiko-polizialaren aldeko apustua egin duela. Horren aurrean, euskal esparru nazionalean ugariak izaten ari dira erreakzioak, bilerak, ahaleginak, lankidetzak eta gogoetak eta, egia esan, guztiek Euskal Herriaren burujabetzaren eta eskubideen alde gauden guztion borondatea eta helburuak finkatu beharra agerian uzten dute.
Agerikoa da orain arte egindakoa, ondo edo gaizki, ez dela aski. Beraz, hasiera batean subiranismo independentistaren oinarrizko akordio bat behar da, Euskal Herri batu eta aske bat nahi dugunon artekoa, alegia, modu bateratuan eta jarrera uzkurrak alde batera utziz estrategia soziala eta politikoa eraberritzeko, geure helburuetan sinisteko eta iraganean galdutako konfiantza berreskuratzeko, elkarren arteko errezeloak baztertuz.
Sakabanaturik dagoena batu eta desadostasunetik adostasunera igaro behar dugu geure Herriaren independentziarako motorra izango den tresna bat egituratzeko, eta tresna horrek ezaugarri argiak izan beharko ditu ezinbestean: zabala izan beharko du bere dimentsioari begira eta anitza osaketari dagokionez, betiere aurrerapenean eta gizarte justizian oinarritutako ikuspegi batetik.
Garaia da azken urteotan euskal politika blaitu duen autonomismoa gainditzeko; garaia da zatiketa gainditzeko eta indarrak biltzeko, abertzale oro bultzatu behar duen helburua lortze aldera: Euskal Herriaren askatasuna.
Garaia da progresismo abertzalearen aldetik geure indar guztiekin erreakzionatzeko, egungo egoera konplexu hau gainditzeko:
Geure nazio izaera aitortzeari uko egiten diote espainiar eta frantziar Estatuek eta aldi berean lurralde zatiketa eta egungo marko juridikoadministratiboa sendotzen eta finkatzen ari dira espainiar nazionalismoak egindako itun politikoak direla medio.
Geure eskubide kolektiboak zein indibidualak sistematikoki urratzen dira.
Euskal nortasunaren eta kulturaren aurkako erabateko ofentsiba urte askotan eraikitakoa bertan behera uzteko: euskara, nortasun ikurrak, ondasun sinbolikoak, oroimen historikoa eta kultura.
Erabaki eskubidea erabiltzea ezinezkoa da.
Herri honek ezin du gehiago itxaron. Erabateko burujabetza ezinbestekoa da Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatzeko.
OZTOPOAK GAINDITU ABERTZALEEN BATASUNA LORTZEKO
Iraganean emandako urrats batzuek orain gainditu beharreko mesfidantza dosiak sortu dituzte, eta hala esan behar da. Desadostasun horiek oinarritu dira jarrera hegemonikoak bilatzeko joeran, xede estrategikoen gainetik lehentasuna kudeaketa hutsari ematea ekarri duten ohitura instituzionaletan eta, batez ere, estrategia politiko-militarra ezinbesteko indar metaketa gauzatzeko hesi gaindiezina denik eragile guztiek ez onartzean; orain desadostasun horiek behin betiko gainditu eta batasun subiranistaren proiektuaren ardatz egituratzaile bihurtu behar dira.
Iraganetik datozen oztopoak oztopo, hala ere, gaur agerikoa da mugimendu abertzalearen sektore zabal bat gure errealitate nazionalari, autodeterminazio eskubideari eta, beraz, independentziari ateak irekiko dizkien bide soilik baketsu eta demokratiko batean sakontzearen alde dagoela eta, ildo berari jarraituz, sektore horrek egungo marko juridiko-politikoa agorturik dagoela, Estatuak betetzeari uko egin diolako, uste duela. Horretan dago eta egongo da Eusko Alkartasuna, ziur.
AUKERA HISTORIKOA
Askotan krisi eta mehatxu handietatik aukerak sortzen dira. Egun indarrean dagoen marko autonomikoa agorturik dagoen gogoeta komuna da gaur abertzaleen artean eta, hortik abiatuta, irakurketa komuna ere egin behar dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko indarrak batu beharraz eta, jarraian, indar metaketa hori eta estrategia politiko-militarra bateraezinak direla guztiok onartu beharraz, arrazoi etikoengatik ez ezik, praktikotasun estrategiko hutsagatik ere, gatazka XXI. mendean kokatzen dela kontuan hartuta.
Batasun subiranistaren aldeko apustua derrigorrezkoa da gainera espainiar Estatuaren interesak babesten dituzten alderdien jarduera bateratuak hain erabilia izan den transbertsalitatearen ideia baztertu besterik ez duela egin ikusita, eta oraindik tesi horri eusten dioten abertzaleek horrek Euskal Herriaren biziraupenerako izan ditzakeen ondorioen erantzukizuna beren gain hartu beharko dute.
Halaber, nazioartean (Eskozia, Groenlandia, Quebec, Feroe Uhartea, Flandria, Ipar Irlanda…) garatzen ari diren joerek gure aldarrikapena nazioartean ere zabaltzea ahalbidetzen dute eta euskal gatazka demokratikoki konpontzea posible dela pentsarazten dute, aldarrikapen horiek eragindako Estatuek, antza denez, independentzia zilegi den alternatiba gisa onartzen dutelako.
Gainera, krisialdi sozio-ekonomiko handiak alternatiba independentistaren dimentsio soziala ikustarazteko eta aldarrikapen hori hiritarren eguneroko arazoekin lotzeko aukera ematen du. Independentzia gure baliabideak hobeto kudeatu ahal izateko, gizarte justizia eta pertsona guztien arteko aukera berdintasuna helburutzat hartuta.
Labur esanda, Eusko Alkartasunak jauzi kualitatiboa egiteko ordua dela adierazten du; jauzi kualitatibo bat oztopo guztiak gaindituz indarrak biltzeko eta Euskal Herria normalizazio politikora, bakera eta, beraz, independentziara eraman eta bultzatuko duen estrategia bateratua egituratzeko.
Gaur behar-beharrezkoa eta presazkoa da esparru subiranistan ari garen erakundeen eta pertsonen arteko hausnarketak partekatzea eta enpatiak sortzea, bai eta bilgune fisikoak zein ideologikoak sortzea ere. Alde guztioi dagokigu bilgune horiek eskuzabaltasunez hedatzen saiatzea helburu komunak zeintzuk diren argi izanda, denborak aurrera egin ahala komunean dugun aurkaria bere proiektu nazionala –frantsesa edo espainola– finkatuz doalako eta hori euskal proiektu nazionalaren kontra doalako.
Ekintza batasunerako ordua da instituzio guztietara errealitate sozial eta politikoa eramateko, Alderdien Legearen aplikazioaren bidez ezkutatu nahi duten gehiengo abertzalea, hain justu.
Ekintza batasunerako ordua da honako funtsezko printzipio hau defendatzeko: “eskubide guztiak pertsona guztientzat eta herri guztientzat”.
Ekintza batasunerako ordua da, batez ere, Euskal Herriko errealitatea transformatzeko proiektu politiko eta sozio-ekonomiko batekin bat gatozen subiranista independentisten arteko estrategia bateratua eraikitzeko.
Ekintza batasunerako ordua da euskal gizarteari itxaropena emateko, nazio mailako mugimendu batean murgil dadin eta berak bakarrik daukan protagonismoa har dezan. Herria bera da, jada antolaturik dauden egitura politikoekin elkarlanean, helmugara iritsi daitekeen bakarra. Gizartea bera da hasieratik prozesuaren motorra izan behar duena.
EUSKO ALKARTASUNAREN PARTE-HARTZE PROZESUA
Indar subiranistak batzearen aldeko apustu baten beharraz jabeturik, eta egungo Euskadiko Batzorde Eragilearen lehenengo ebazpenetariko bati jarraituz, Eusko Alkartasunako afiliatuek hausnarketarako barne prozesu bat burutu dute azken hilabeteotan, eta paraleloan Alderdiko zuzendaritzak hartueman ugari izan ditu Euskal Herriko eragile politiko, sozial, sindikal eta kultural askorekin.
Eusko Alkartasunako militantziak parte-hartze prozesu horretan ondorioztatu duenaren arabera, Alderdia inoiz baino beharrezkoagoa da eta bere proiektua indartu behar du maila teorikoan zein antolakuntza mailan; kargua ideologia eta helburu bakarra duten batzuek kontrakoa esan arren, EAk bere betiko printzipioei eusten die eta XXI. mendeko sozialdemokraziaren barruan kokatzen den alderdi independentista da.
Eusko Alkartasuna, 23 urte baino gehiagoko bere historian zehar beti egin duen bezala, nazio eraikuntzan arriskuak hartzeko prest dago independentzia lortzea xede duten jarduerak sustatzearren.
Beraz, Eusko Alkartasunako afiliatuek, beren Alderdiaren printzipioen eta nortasun ikurren barruan, subiranisten bilgune bat sortzearen aldeko apustua egiten dute, honako printzipio hauek defendatzeko eta aldarrikatzeko:
Euskal nortasun nazionalaren aitorpena eta Europar Batasunean Euskal Estatua sortzeko eskubidea.
Euskara, nazio hizkuntza eta Euskal Herriaren nortasunaren ikur gisa, etorriko diren belaunaldientzako ondarea eta kultura unibertsalari eginiko ekarpena.
Oinarrizko eskubide guztien eta Giza Eskubideen etengabeko defentsa argia, Euskal Herriaren aurkako ETAren eta espainiar eta frantziar Estatuen indarkeriaren amaiera exijituz; eta Estatuei euskal gatazkaren ondorioz preso dauden pertsonen eskubideak urratzeari uzteko eta Euskal Herriaren erabaki demokratikoak errespetatzeko eskatuz.
Gizarte justizia ezkerreko ikuspegi progresista batetik.
Ekintza batasuna indar politikoekin ez ezik, sindikatuekin, enpresa eragileekin, kooperatibekin, unibertsitateekin eta kirol, gazte, kultura eta gizarte eragileekin ere.
Eusko Alkartasunako militantziak ekintza batasun estrategiko independentistaren alde inor baztertu gabe eta inolako betorik gabe lan egiteko borondate osoa adierazten du baina, lan hori elkarlanean burutu ahal izateko bete behar diren eta agiri honetan bertan zehaztu diren baldintzei dagokienez eragile bakoitzaren aldetik planteamendu eta postulatu argiak exijitzen ditu.
Horren alde egin dugu. Eusko Alkartasunako gizon-emakumeok independentisten ekintza batasuna defendatzen dugu euskal gatazkaren behin betiko konponbidea, bakea eta Euskal Herriko normalizazio politikoa lortzeko biderik motzena ez ezik, bide bakarra ere badelako; euskal gizarteak etorkizun hurbilenean aurre egin behar dien erronkei erantzun egokia emateko modua da. Batasun subiranistan sinisten dugu, batasun horrek Euskal Herriko hiritarrei itxaropena eta borrokarako grina ere itzultzeko duen gaitasunean sinisten dugu, bai eta gehiengo sozialaren atxikimendua lortzeko duen gaitasunean ere, horrela, botoen indar geldiezina baliatuz, espainiar eta frantziar Estatuak zein nazioarteko komunitate osoa Euskal Herriaren erabaki eskubidea, hau da, autodeterminazio eskubidea aitortzera behartzeko.
Hori dela eta, Eusko Alkartasunaren sustrai sakonetan dagoen jarrera horretatik abiatuta, Euskal Herriaren oraina eta geroa maila guztietako aurrerapenarekin lotuta, XXI. mendeko sozialdemokraziaren arabera hartu beharreko gizarte justiziaren ideiarekin lotuta eta giza eskubideak aintzat hartuta, oinarrizko Proposamen hau aurkezten dugu Euskal Herriaren independentzia lortzea helburu izango duen akordio subiranista sustatzeko.
ONDORIOAK
- Eusko Alkartasunak, alderdi independentista eta sozialdemokrata gisa, 2009ko ekainaren 20 eta 21ean bere Biltzarrean onartutako ildo politikoari jarraituz, ezker sozialdemokrata aurrerakoiaren ikuspegi batetik esparru subiranista independentista baten eraketa estrategikoa sustatzeko eta garatzeko konpromisoa hartzen du. Horretarako, helburu subiranista horrekin bat egiten duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egiten die, lidergoa indar guztien artean partekatzea ahalbidetuko duen gizarte-antolakuntza modu ireki eta dinamiko bat oinarrian egonda.
- Eusko Alkartasunak Euskal Herriaren erabaki eskubidea aldarrikatzen duten bestelako indar politiko abertzaleek edota subiranistek ere esparru subiranista independentista horren ekintza batasunarekin bat egin dezaten ahal duen guztia egiteko konpromisoa hartzen du, betiere erabaki eskubidea marko juridiko-politiko berri bat lortzeko oinarri gisa hartzen baldin bada; marko berriak autodeterminazio eskubidea aitortu beharko du, bai eta alderdi politiko guztiek haien printzipio ideologikoak eta programa politikoak demokratikoki defendatzeko izan behar duten askatasun osoa onartu ere.
- Eusko Alkartasunaren iritziz, indar subiranista independentisten bateratze estrategikoa bide bakarra da Euskal Herriak espainiar eta frantziar Estatuekin duen gatazka behin betiko konpontzeko; izan ere, bi Estatu horiek Euskal Herria aintzat hartzeari uko egiten diote eta, Herri bezala desager dadin, haien baliabide guztiak erabili eta ahalegin guztiak egiten dituzte. Normalizazio politikoa eta bake iraunkorra euskal subiranismo independentistaren borroka politiko baketsuari esker lortuko dira neurri handi batean.
- Eusko Alkartasunak edozein motatako indarkeria erabiltzeak jarduera politiko demokratikoan lekurik ez duela berresten du zalantza izpirik gabe; ondorioz, bere erabateko gaitzespena adierazten du eta euskal subiranismo independentistaren xede taktikoak eta estrategikoak erdiesteko bide politikoak eta baketsuak bakarrik erabil daitezkeela jakinarazten du, giza eskubideak, norbanakoenak zein kolektiboak, errespetatu eta sustatu beharra oinarrian jarriz.
- Eusko Alkartasunak honako ekintza hauek planteatzen ditu epe labur eta ertain batera:
- Agiri honek zehazten dituen planteamenduen aldeko atxikimendu soziala hedatzea eta horretarako Euskal Herri osoan herri mugimendu zabal bat sustatzea.
II. Nazioarteko harremanen sarea indartzea, bereziki Europar Batasuneko estatuetan dauden nazioekin, estaturik gabeko nazioak izan ala ez.
III. Bilgune subiranista independentista horrek euskal gizartearen babesa jasotzea ahalbidetuko duten formulak aztertzea.
IV. Espainiar eta frantziar Estatuak Euskal Herria bere egitura juridiko-politikoa aske erabakitzeko eta zehazteko eskubidea duen Herri gisa onartzera demokratikoki behartzea; horretarako, aldi berean erradikalak, herrikoiak eta baketsuak izango diren borrokatzeko modu zibikoak erabiliko dira.
- Hizkuntza, kultura, kirol, hezkuntza, gizarte, ekonomia, ekologia eta berrikuntza arloetan ekimen anitzak antolatzea eta garatzea Euskal Herriaren nortasuna, pertsona guztien integrazioa, gizarte-kohesioa eta bestelako herri eta nazioekiko lankidetza eta elkarren arteko menpekotasuna indartzeko.
