« Itzuli albistegira

maltzagatarron bileran adosturiko testua

2010-01-18  ¦  prentsa bulegoa.

prentsa oharra.

MALTZAGAKO SINATZAILEON BILTZARR

(Donostia, 2010ko urtarrilaren 16)

Euskal Herrian pairatzen dugun egoera politikoa, alde anitzetako bortxa politikoan adierazgarri gordinena duen egoera eznormala areagotu egin da. Lizarra-Garazi sinatu zenetik Espainiar talde politikoek gogor jokatu dute hori bezalako eszenatoki politikoa errepikatu ez dadin. Ipar Euskal Herrian ere, sistema administratiboa aldatzeko eta euskararen ofizialtasuna lortzeko eskaera guztiei muzin egin diete.

  1. urteren buruan, Hegoaldean PPk UPNk eta PSOEk alderdi politiko bakarra bailiran Iruñeako eta Gasteizko gobernuetan agintean daude. Alderdien legearen eraginez heldu gara eszenatoki berri honetara. Geroztik euskal naziotasuna izan nahi dugun herritarron eskubideen zapalketa eta irainak handitu dira.

Maltzagako Mahaiaren aburuz egoera antidemokratiko hau gainditzeko aukerarik badago. Baina irtenbide on bat aurkitzeko abertzaleon arteko elkarlana eta konfidantza berriak lortzea ezinbestekoa da. Maltzagako Aldarria 2006. urtean plazaratu izan zenetik Maltzagako Mahaia osatzen duten emakume eta gizonak eten gabe lan egiten aritu dira multzo soberanista eraikitzeko asmoz, espainolisten estrategia zabalari erantzun irmo bat emateko bide bakarra dela uste baitute. Baina fronte espainiarrak ez da gure etorkizuna baldintzatzen duen bakarra, baizik eta abertzaletasunaren baitan pairatzen ari garen sakabanaketa. Gaur egun, makina bat ekimen eta foru antolatzen da Euskal Herrian zehar. Maltzagako Mahaiak uste du -esparru beran talde asko lan egiten ari garenez- neurri batean indarrak aurreztu egin behar direla sorturiko itxaropen gehiagorik alferrik ez galtzeko.

  1. 523 lagun elkarlana bultzatzen

Dagoeneko 1.523 lagunek Maltzagako Aldarria sinatu dugu, lurralde guztietakoak, diasporakoak, Euskal Herria naziotzat hartzen dugun sentsibilitate guztietakoak. Ezberdintasunetik elkarlana posiblea dela probatu dugu. Maltzagako Aldarria inoiz baino biziago erakusten ari da Euskal Herri osoko gizarte gehiengo horrek aldaketa polítiko nahi duela. Erabat ezberdina den eszenatoki polítiko berria lortzeko denontzako eskubide zibil eta politikoen errespetua funtsezkoa delakoan gaude.

Lan hipotesia

Maltzagako Aldarria izena duen testua plazaratu genuenean, 2006ko azkeneko egunetan, Loiolako Bake Prozesuaren azkeneko egunak bizitzen ari ginen, izan ere, testuan literalki hau esan genuen: “Zaila bezain ezinbestekoa den bake prozesu baten hastapenean”, bortizkeria politikoaren bukaera ekarriko duen elkarrizketa prozesua zaila bezain luzea eta beharrezkoa delako.

Geureari eusten diogu, gure lan hipotesia bera da, hots, bortizkeria politikoa behin betiko buka daitekeela eta herritarrok hori lortzeko gure esku zenbait tresna ditugula. 2010 urtean norabidea aldatzeko aukera dugu. 2011rako espainiar nazionalismoak idatzi duen “ibilbide orria” ezagutzen dugu. 2009an egin zuten bezala, gehiengo faltsu bat inposatu nahi izango dute, oraingo honetan herritarrengandik gertuen dauden erakundeetan.

Erronkak

Ezberdintasunen gainetik herri gisa aritzeko beharra dago, salbuespen egoera euskal herritar abertzale guztiei zabal baitiezaiekete. 2010ean Maltzagako Mahaiak saiakera sendo bat egingo du mahaian pentsakera guztietako abertzaleek ordezkapena eduki dezaten. Falta diren sentsibilitate guztiak Maltzagako eremuan ba dute esparru bat. Halere, Maltzagako Mahaia ere gizarteko arlo guztietan aritutako pertsona esanguratsuen atxikimendua gauzatzen saiatuko da hurrengo hilabeteetan: hezkuntza, heziketa, ekonomia, industria, merkataritza, kultura, kirola, teknologi berriak... e. a. Hori guztia Maltzagako eredua PP eta PSOEk idatzi duten ibilbide orriari alternatiba izan dadin, hau da, Bakera eta Burujabetzara eramaten gaituen bidean sakontzeko, alegia.

Maltzagako Mahaia (Maltzagako Ekimenaren izenean)