« Itzuli albistegira

Aberri Eguna 2010

2010-04-01  ¦  Euskaria fundazioa

Ziklo berriari so

ABERRI EGUNA 2010: Ziklo berriari so

Kurtso politikoa hasi zenetik, alderdi, sindikatu eta gainontzeko eragileak indar subiranisten metatzeaen alde azaldu dira. Gainera, ideia horrekin batera, abertzaletasunaren murkoa berriz konpontzeko estrategi berri bat sortzeko beharra agertzen zaigu abertzaleoi.

Ematen du Euskal Herria –neurri batean– 1998an Lizarra-Garazin sinaturiko Akordioaren atzean zegoen ildotik itzultzen ari dela. Ez dugu uste inork ez duenik ezberdinen arteko Itun hura berrargitaratzeko asmorik. Jakina denez, Lizarra-Garazin ekintza bateratuaren alde agertzen ziren eragileak ez dira gaurregun apostu horren alde egiten ari direnak. Halere, galdutako gonfidantzak berreskuratzeko eta konpromezu zaharrak berrargitaratzeko apostua Independentistak izeneko ekimena bezalakoaren aurrerapausuen baitan bizirik dirauela uste dugu.

Autodeterminazio eskubidearen aldeko eta Europan euskal Estatu baten berrezartzearen aldeko gutxienezko hitzarmen batez gain, bide zibil eta politikoak defendatzeko apostu finko baten beharratik abiaturiko aldaketa politikoaren beharra agerian geratu da. Pixkanaka-pixkanaka, euskal subiranistak estrategi aldaketa hau dagoeneko onartzen hasi dira. Horren ondorioz, abertzalismoa - ohituraren poderioz - estrategia armatuarekin zeuzkan loturak apurtzen hasi dela uste dugu.

Bi planteamenduen bateratzeak – estrategi bateratu bat eta bide demokratikoak erabiltzeak– gaur egun arte agertu gabeko bide edota aukera berriak lortzeko ahalmena emango liguke, bereziki gure aurrean agertzen zaigun helburu bati begira: Euskal Herria Frantzia eta Espainiaren zapalkuntzatik haren burua askatzeko eta euren burujabetasuna berreskuratzeko europar kontextuan. Egitez, iraganean argi ikusi izan genuen ze nolako ilusio eta sinergiak sortu zituzten bi apostu estrategiko horiek mugimendu abertzalean baitan.

Gainera, aipaturiko bi aukerek Estatuen nazionalismoaren (PP-UPN, PSE-PSN, UMP, PSF...) taktika deusestatzeko bide berriak ireki ditzakete.

Madrileko Gobernuaren bide orriari dagokionez, Hegoaldeko fronte españolista indartzeko borondate finko bat dago. Hori lortzeko, Espainiako zuzenbide egiturarekin egindako ituna berretsi izan du: Alderdi Politikoen Legea sendotze prozesuan oinarritzen den apostu garbi bat. Bide horren bitartez, Espainiak Euskal Herriko mapa faltsu bat inposatzen jarraituko du eta euskal subiranismoa euskal herritarren gehiengoak defendatzen duen asmoa ez dela plazaratuko du herri iritziarengan.

Eliseoari dagokienez, zentralismoa indartzeko ahalegina Iparraldeko gizartearen gehiengoak nahi duenarekin gero eta urrunago kokatzen da: Iparraldeko mugimendu subiranistak euskal kultura eta nortasunaren biziraupena zihurtatuko duen Euskal Departamenduaren sorkuntzaren alde lan egiten du eta.

Dokumentu honen bitartez, Euskaria Fundazioak Independentistak sareak antolaturiko Aberri Egunarekin bat egin nahi du publikoki, Euskariaren patroi eta bazkideek defendatzen dituzten irizpideak sare horren sustatzaileek ere eragiten dituztelako.

Alde batetik, Independentistak sareak egiten duen bezalaxe, Euskaria Fundazioak Herriaren alde lan egiteko deialdi bat egin nahi du. Bestalde, epe laburrazko jokabideak eta alderdikeriak alde batera uztea proposatu nahi du, hauteskundeei loturiko interes zekenak baztertuz. Epe laburrarekin loturiko interes horietatik haratago abiatzen baldin bagara, Euskal Herria egun dagoen egoeratik ateratzen lortuko dugu. Gure historiaren beste alditan gertatu zen bezala, egiaren ordua heldu zaigu. Guregandik onena ematen lortuko al dugu oraingo honetan?