Aberri Eguna 2010. Maltzagaruntz
2010-04-12 ¦ prentsa bulegoa
Maltzagako Mahairen oharra
ABERRI EGUNA 2010 (Maltzagako Mahaiaren irizpena)
Esan genezake pasa den asteburuan ospaturiko Aberri Eguna iraganeko urteetan egindakoak bezalakoa izan dela. Baina Maltzagako Mahaiaren aburuz, euskaldunon Estatua berreraikitzeko aurrerako urrats oso garrantzitsu bat eman dugu.
Gure uste apalean, azkenengo hilabeteetan abertzaleen arteko harremanak areagotu egin dira. Irunerako bi ibilaldiek agerian utzi dute guztiz beharrezkoak diren konfidantza eta esparru berriak sortzen hasi dira. Gainera, Euskal Errepublika sortzeko ahaleginetan gero eta garbiago ikusten da bide zibil eta politikoak besterik ez direla erabili nahi. Are gehiago: gero eta jende gehiago biltzen da esparru berri horretan non bortizkeriaren estrategiak baztertuak izan behar diren.
Bakea, gertuago Ipar Irlandako gatazka desmilitarizatzeko eta demokratikoki bideratzeko erabili ziren “Mitchell Oinarriak” geurean ere berreskuratzen hasi dira Euskal Burujabetza defendatzen dutenak. Izan ere, dagoeneko aztertzen ari da Euskal Gatazkari irtenbide berri bat emateko nola aplika daitezkeen.
Estrategia armaturik gabeko eszenatoki batean Espainiar eta Frantziar Estatuek ez dute ezer irabazterik. Konfrontazio demokratikoaren bitartez errepresioaren estrategia zentzurik gabeko bidea bihurtzen da eta, gainera, eszenatoki berri horek agerian utz dezake Euskal Herriaren aurrean Espainia eta Frantziak daukaten ahulezia.
Pasa den urtean, Lizarra-Garazi itunaren XI. Urteurrenaren ospakizunarekin batera gertaturiko azkeneko porrotak nabarmendu genituen (Lizarra-Garazi bera eta Loiola, besteak beste). Baina pasa den asteburuan ikusita aztertuz gero, ematen du itxaropena berpiztu dela euskal gizartearengan. Pasa diren hilabeteetan ere euskal kultura eta burujabetzaren defendatzaile batzuen aurkako errepresioaren kontrako manifestaldi eta indar erakustaldien lekuko izan gara Euskal Herrian. Aurtengo Aberri Eguneko ekimena era berean baloratu behar dira.
Betiko oztopoak Euskal abertzaletasunak bide demokratikoetatik Euskal Errepublikaren aldarria egituratzeko ahalegin bati ekiteko asmotan dagoela oharturik, Espainiak eta Frantziak haien estrategia antidemokratikoa zorroztu dute.
Hegoaldean, Alderdien Legea defendatzen jarraitzen dute eta horren ondorioz Iruña eta Gasteizeko Legebiltzarretan euskal gizartearen argazkia desitxuratu dute. Mugimendu Independentistaren zati baten aurka areagotzen dute eta neurriz kanpo errepresioa bultzatzen dute. Amnesty International bezalako erakundeek Espainian tortura praktikatzen dela salatzen jarraitzen badute ere, Estatuek ukatzen dute behin eta berriz. Burujabetzaren aldeko bidean Guda estrategiak oztopoak besterik ez ditu jartzen.
Maltzagako Mahaiak Maltzagako Aldarriaren oinarriak aldarrikatzea betiko oztopoak gainditzeko erarik erabilgarriena dela uste du (hau da, indar metaketa lortzea bakera eta burujabetza lortzeko) eta horrexegatik ospaturiko Aberri Eguna bateratua txalotzen dugu. Horregatik, Irunen bildutako alderdi, sindikatu eta eragile abertzale guztiei eskerrak eman nahi dizkie Maltzagako Mahaiak.
Euskal Herrian, 2010ko apirilaren 7an
