URRIAREN 12a Independentziaren aldeko eguna
2010-08-13 ¦ prentsa bulegoa
Independentistak sareak antolatua
Heldu den urriaren 12an, INDEPENDENTISTAK sare berriak iruñean martxa bat antolatu du.
Hona deialdia:
Urriaren 12an, Independentziaren aldeko Martxa Berdea Iruñean
Independentistak Sareak urriaren 12ko eguerdian era alai eta partehartzailean Iruñeko kaleetan zehar egingo den martxa edo kalejira erraldoia deitzen du publikoki.
Orain dela 200 urte hasi ziren gauzatzen Ameriketako herrien independentzia prozesuak. Ordutik hona, asko eta asko izan dira mundu osoan zehar independentzia lortu duten nazioak, eta ez da bakar bat ere damutu emandako pausuarekin. Zerbaitegatik izango da.
Orain, bi mende geroago, Europako estatu gabeko herrien ordua heldu da, eta azken urteotan etengabe ari dira pizten prozesu independentistak. Bai, independentziaren ordua da Europan eta guk, euskal independentistok, ezin dugu aukera pasatzen utzi.
Eskozia eta Flandriako prozesuak, Kataluniako egoera eta uztailaren 10eko manifestazio independentista erraldoia, eta Kosovori buruz Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak plazaratutako ebazpena dira, beste gauza askoren artean, guzti horren isla azken hilabeteotan.
Hagako ebazpena
Hagako ebazpenak, hain zuzen ere, argi eta zehatz adierazten du nazioarteko zuzenbideak ez duela galarazten independentzia aldarrikapenik eta, ondorioz, Kosovok ez duela legerik urratu. Zentzu horretan, euskal independentistontzat oso garrantzia handia du ebazpenak, era tinkoan babesten duelako herriek eta nazioek bere etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea, guretzat ikuspegi demokratikotik oinarrizkoa den eskubidea, hain zuzen ere. Argi adierazten duelako independentziarena proiektu politiko zilegia dela eta autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa dela Europan ere.
Bultzada berria independentismoari
XXI. mendeak aukera berriak eskaintzen dizkio independentismoari. Aukera berriak eskaintzen dizkio Euskal Herriari ere. Horrexegatik, euskal independentista guztiok elkartu eta geure Estatu propioaren aldeko auzolan erraldoia martxan jartzeko ordua heldu da, eta parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar independentista guztiei, kolore guztietakoei, ziur gaudelako datozen urteotan prozesu independentistek bilakaera gero eta azkarragoa izango dutela Europan. Eta guk ezin dugu tren hori pasatzen utzi.
Horregatik, INDEPENDENTISTAK sareak bultzada sakona eman nahi dio euskal independentismoari, datozen hilabeteotan eztabaida zein mobilizazio mailan jauzi berriak burutuz.
Irailetik aurrera herriz-herri eztabaidak antolatu eta sarearen osatze lana bideratuko du bere ezaugarriak, lan ildoak, egitasmoa eta antolaketa eredua finkatzeko azaroan egingo duen konferentzia nazionalari begira.
Era berean, mobilizazio arloan, olatu berdea Euskal Herriko bazter guztietara hedatuz joango da herriz-herri antolatzen ari diren ekimen berdeen bitartez, eta jauzi bat planteatzen da urriaren 12rako mobilizazio nazionala deituz.
Urriaren 12an mobilizazio nazionala Iruñean Espainiak urriaren 12a jaiegun moduan inposatzen digu hispanitatearen eguna ospatzeko, espainiar inperioaren eguna, Espainiako patroiarena, espainiar arrazarena, eta Guardia Zibilarena. Horren aurrean, INDEPENDENTISTAK sareak egun horretan desobedientzia keinu kolektibo bat egitera deitzen ditu independentista guztiak: urriaren 12a herrien independentziaren egun moduan aldarrikatu Euskal Herrian eta Iruñean, etorkizuneko euskal Estatuaren hiriburuan, egingo den martxa berde erraldoian ospatzera.
