« Itzuli albistegira

Euskal Herri berria, herri-katarsia eta striptis politikoak

2011-11-01  ¦  Patxi Azparren

etsipenaren errautsetatik izar berria.

Euskal Herri berria, herri-katarsia eta striptis politikoak

ETAk borroka armatua bukatu izanak, nolabait, herri-katarsi zabaltzeko parada ematen du. Hortaz, nitaz-gutaz mintzatzea barkatuko didazuelakoan nago, garai erabakigarri honetan denok biluzteko beharrean gaudela uste baitut, ekarpenak zintzo bezain emankorrak izan daitezen, behintzat.

Etxebarrieta eta Manzanas hil zituzten urtean jaio nintzen eta este askok bezala, gure bizitzan armen hotsik gabeko Euskal Herria ez dugu ezagutu.10 urte nituelarik, gure auzokoa zen Gladys hil zuen Guardia Zibilak. Egun berean, auzoko gazte eta umeok tabakaleraren aurrean barrikada erraldoi bat altxatu genuen. Ez badut gaizki gogoratzen, bi egunez, Atotxatik Ametzagaraino zegoen eremua askea izan zen. Hileta egunean “grisek” sarraski ederra egin zuten. Hori izan zen nire “bataio politikoa”.

Geroztik, gure auzoa, gure ingurua, nabarmen politizatu egin zen. Frankismoaren aroan nahiko otzana izan zen belaunaldia ere, damuak bultzatua edo, oso aktiboa bilakatu.zen. Egia auzoan sortu zen Donostiako lehenengo talde antimilitarista, Ametzagaina kalean biltzen zen “Comisión por la Defensa de una Costa Vasca no nuclear”, Iberduerori boikota egiten saiatzen ginen…Aurki, ekologismoak, antimilitarismoak eta Gladysen heriotzaren gordintasunean ikusten zen indarkeria-ezaren kemenak erakarri ninduten.

Aldiz bideak ez dira beti argiak izaten ezta xamurrak ere. Bi urte beranduago Ryan ingeniaria erail zuten eta lehendabiziko aldiz, etxean ETAren jarduna zalantzan jartzen zela entzun nuen.

Kaosetik sortu omen zen egungo Kosmosa. Kontraesanetatik sortzen dira paradigma berriak. Kaos-Kosmos jokoan gaztetxeen mugimenduan aritu ginen, Espainiako poliziari Bretxatik harriak botatzen genizkion. 17 urterekin nire lehengo desobedientzia ekintza xumea egin nuen, erroldan eginiko ahats bat zela medio, OTANen aurkako erreferendumean EZ bozkatu ala izan nuen eta. Gure lehengusin-txiki baten bikotekidea zen Mikel Zabalzaren erailtzearekin batera azkeneko harriak jaurti nituen Donostiako Alde Zaharrean.

Zarata zerabilkidan buruan aspalditik, bestelako doinuak entzuteko beharra. Oso sentituak izan ziren heriotzek, Gladys, Ryan , Zabalzarenak kontraesana jasangaitzak sortzen zituela uste nuen. Aurrerantzean eta betiko helburuekin bateragarriak diren borroka-bide eraikitzaile eta iraunkorrak jorratu behar genituela deliberatu nuen.

Antimilitarismoa

OTANen aurkako kanpainaren hondarretatik, euskal antimilitarismoa sustatu zen. Gipuzkoako KEM-MOC (Kontzientzi eragozpen mugimendua) bersorreran parte hartu nuen eta borroka antimilitaristari ikuspegi euskaltzale-abertzalea ematen ahalegindu ginen, baita lortu ere.

Testu-inguru konplexuetan murgiltzen ikasi genuen: militante-antimilitaristak ginen; abertzale-internazionalistak, pakezale-iraultzaileak; Ajuria –Eneako itunari aurre egin genion eta borroka armatuaren aurka mintzatu ginen.

Nabardurak ukatzen zirien garaietan, nabarduretan oinarritutako jardun koherentea osatu ahal izan genuen eta hainbat sektorekin bat, intsumisoaz, PSOEri eta Estatuari irabazi genien.

Pakezaleak ginen, aldiz, begi bakarra zuten ekitaldietan ez genuen parte hartzen. Ajuria-Eneatik zetozen deialdietan parte hartu ez izana leporatzen ziguten, euskal preso politikoen aldeko zenbait ekimenetan ez egotea leporatzen ziguten. Ez ginen erdian, ez ginen ekumenikoak, ez gara neutralak, baina beste partida jokatu nahi genuen. Ez dakit bide egokia aukeratu genuenentz, baina gatazkaren ondorioetaz aritu beharrean, gatazkaren sorburu sakonetan jo behar genukeelakoan, indarkeria-eza aktiboari heldu genion.

Lizarra-Garazi

Lizarra-Garazik sortutako giroan, Euskal Herriko oposizio politikoari gure tresna eskaini nahi zian genion. Ez genuen guztiz asmatu, ez ginen benetako egoeraz guztiz ohartu. Gure indarrak mugatuak ziren, oraindik soroa ez zegoen uzta jasotzeko prest. Erronka egin genuen eta galdu. ETA itzuli zen. Estatuak gure taktika politikoei buelta emateko ikasia zegoen eta 18/98 sumarioaz gogor astindu gintuen. Babesten gintuzten zenbait sektorek ez zeuden horren talka handirako pronto. Burujabetzaren aldeko desobedientzia, sinbolismo hutsetik nekez atera zen.

Hamarkada luzea bezain neketsua izan da azkenekoa. Herri honi arnasa eman dioten itxaropenaren taupadak mantso entzuten ziren. Estatu espainiarrak disidentzia osoa zapaltzeko tresnak ahalbideratu zituen. Hegoalde osoko erakundeak Euskal Herriko nazio izaera ukatzen duten alderdi eta pertsonen esku…

Haatik, kaosaren hautsetatik, Bake prozesu orijinala abian jartzeko indarrak uztartu ahal izan dira. Ezustean, urtebetean 30 urtetan egin ezin dena gorpuztu egin da. Faktore anitz dago: onak, txarrak, zintzoak, gaiztoak, eskuzabalak, zuhurrak, zoriona, zoritxarra, eustea…kaos-kosmos berriz ere, eta horietatik faktore garrantzitsua: herritarrak. Izan ere, Bilduk jaso zituen 314.000 botoek ETAren erabakia azkartu dute.

ETAk utzi du, bejondeigula! . Aldiz, lana hasi baino ez da egin. Bi egunen buruan, beti bezain itsu darraitenek Bilboko Udaletxetik “bakea nahi dugu” pankarta kendu dutenek, alegia, adierazi nahi badute ere, gatazka politikoa ez da amaitu, aitzitik, laster bere erroa bistan ageriko da. Alabaina, Estatu espainiarrak salbuespen egoerari eutsiko dion arren, Estatuetatik datozen bortxa estrukturala zein politiko-polizialak jarraituko dutela badakigu ere, Euskal Herria berrian bizi gara.

Ateak zabaldu dira, mozorroak eroriko dira, larrugorritan ikusiko dugu elkar. Hemendik aitzin, zubi berriak zabalduko dira: antzeko helburuak ditugunokin, bideak eta helburuak bat eginez, gure ametsak egia bihurtzeko; kontrako helburuak ditugunokin, gure gatazka zibilizatu eta demokratizatzeko.

Ez dut zalantzarik, ETAren zorioneko erabakia guztion onerako izango da etxekoentzat eta arerioarentzat, baina batik bat Euskal Herria maite dugunontzat, Euskal Herria askea , bakean eta justizia sozialean oinarritutako errepublika burujabea lortu nahi dugunontzat.

Patxi Azparren, antimilitarista, Euskariako kidea eta Lizargorri lantaldearen laguntzailea.