« Itzuli albistegira

Abertzaletasuna eta ezkertiartasuna

2011-12-05  ¦  Patxi Azparren

1997an argitaratutako iritzi artikilua

Oharra: Autodeterminazioaren BiltzarraK (ABK)taldea 1996an osatu genuen: Amaiur, Euskaria eta Abertzaleok taldeen koordinakunde gisa.

Abertzaletasuna eta ezkertiartasuna

Patxi AZPARREN OLAIZOLA / AMAIUR taldearen kidea

Egin, 1997ko urtarrilaren 13

Gaur egun ezkerraz-eskuinaz aritzea ez omen da eroso. Ideologiak hil direla esaten digute batzutan, aurrerakoitasuna ezkertzat har dezakegula eta kontserbadortasuna eskuintzat diote bestetan. Zein den hitzik egokienaz eztabaidatzea eztu zentzu handirik, denbora galtzea da edota mahai inguru bateko hizlarientzako solasgarri. Muinak du garrantzia eta muinean kokatu beharko genuke ezbaia.

Modu zabalean harturik eta beraz azalekoa, ezkertasuna injustiziaren aurkako jarrera da, zapalkuntzaren aurkako, berdintasun aldeko eta askatasunaren aldeko jokaera. Ezkertiartasuna barneratzeak berekoikeriari uko egitea dakar, besteon arazoak, besteei egiten dizkieten ezbeharrak, guri axola zaizkigula eta geureak direla ere. Gizakiaren berekoikeria gainditzen dugunean sozial kontzientzia eskuratzen dugula esan ohi da.

Norbera sozial kontzientziara nola iristen den jakiterik ez da erraza, sozial kontzientzia ez baita. bizitzaren une berdinean eta pertsona guztietan modu berean gauzatzen. Askok sekula helduko ez diren bezalaxe. Izan ere sozial kontzientziak sortzen duen elkartasun gogoa eta sozial kontzientziarik eztuen errukia bereiztu egin beharko genuke.

Aipatu izan da askotan, eta guk geuk horrela sinistu nahi izan dugu, Euskal Herriko gizarteak sozial kontzientzia haundia duela. Ez da berriz, hain garbia elkartasun eta errukiaren arteko muga.

Sozial arazo larriak ditugu, hala ere Euskal herria, zorionez, mundu aberatsean kokaturik dago, eta azkeneko hamarkadetan, krisien gainetik, pribilejiatua da gure egoera.

Zenbait urte atzera begiratuz gero errez ulertuko genuke zergatik baloratzen dugun gaur daukaguna, eta zergatik, zenbait arlotan, gure gizartea eskuzabalagoa den. Ene kasuan eta ia euskaldun guztion kasuan esango nuke nik, geure etxeetan beharra zer den badakiten pertsonekin bizi garelako. Beharra ekonomikoa jakina, baina baita ere oso berezia den zapalkuntza bat ezagutu dugulako. Gure herriak eta gure kulturak jasan izan, eta jasaten duen zapalkuntza, alegia. Herri honek sufritu duena bereiztu ditu azkeneko euskal belaunaldi eta euskal abertzaletasuna.

Abertzaletasuna Euskal Herrian

Abertzale hitza Sabino Aranak asmatutako hitzetik badator ere, Aranazale ez direnon eztabaidaguneetan onartua izan da. Aberria: partrie, patria, nación itzultzen da, abertzaletasunak Euskal Herria nazio bilakatu nahi du.

Estatu-nazioak, eta bere nazionalismo mota hura, aberatsen, lurradunen, eta burgesen dirua babesteko sortu zuten. Mugak horretarako eraiki zituzten, merkatuak eta " pastela" elkar banatzeko.

Geurea ez da nazien nazionalismoa, ezta ere, frantziar edota espainiarra. Nazionalismo mota hauek gure abertzaletasunaren etsai dira. Guk eztugu gure hizkuntza mundu guztira zabaldu-inposatu nahi. Eztitugu mugak zabaldu nahi, ez gara harro gure erkideen guda-konkistaz, eztitugu irabazitako gatazkak ospatzerik.

Geurea ez da Bossi "Padania"tarraren abertzaletasuna, ez da Jordi Pujolena. Ekonomia, poltsikoa diruz bete, merkatuak 3. Munduari zabaltzea, ez dira gure helburuak.

Quebecoisen abertzaletasunean ez dugu ere eredurik aurkitzen. Euskal Herria ez da europar kolonizazioaren ondorioa. Hemen ez dugu bertakoen (indijenen) kultura zapaltzen. Gu geu "indioak" baikara, guri lapurtu baitizkigute kultura, hizkuntza, lurra, kosmologia...

Gure herriak nazioa izateko eskubidea edukitzeaz gain, nazioa eraikitzeko beharra du. Nazioa ez dugu ahaltsu gutxi batzuen onerako eraikiko, euskaldun guztien onerako baizik, eta elkartasunean oinarritzen. Aberria, nazioa, Euskal Herriak: kulturan, hizkuntzan, eta sozial kontzientzian ditu helburu.

Ezkertiartasuna Euskal Herrian

Geure larrutan sufritu dugunak euskal kontzientzia piztu zuen, euskal kontzientziatik sozial kontzientziari heldu diogu. Aldiz hainbat lagunek sozial kontzientziatik euskal kontzientziarekin bat egin dute.

Ezkertiar jokaera Euskal Herrian mendebaldeko europar ezkertiar, nahiz aurrerakoia, nahiz iraultzaile, kulturak dituen ezaugarriak haratzen ari da. Sozial konkistak: osasuna eskubidea, adierazpen askatasuna, lana eskubidea, demokrazia... herriaren konkistak ditugu. 3. Munduarekiko elkartasuna, bizitza kalitatea, ekologismoa, antimilitarismoa dira ere pixkanaka "sozial konkista" berri bilakatzen ari direnak. Hala ere Mendebaldeko Europako herri gehienengandik badugu berezitasun bat, gure ezkerraren aldarrikapen artean herri-nortasuna eta burujabetza aurki ditzakegula, hain zuzen.

Une honetan, hizkuntza politikoan, aldarrikapen hauek autodeterminazio eskubidea izenpean ulertzen dira, deitura hori Afrika eta Asiako herri kolonizatuentzat asmatua izan arren. Autodeterminazioarena, eskubide kolektiboa da, eta beraz oinarrizko gizabanakoaren (giza) eskubideen mailakoa. Ene ustetan autodeterminazio eskubideak euskal ezkertiarron aldarrikapen nagusienetarikoa izan beharko luke, are ta gehiago, eskubide hau defendatzen ez duen taldearen ezkertiartasuna zalantzan jarriko nuke.

Estatua-gizarte eredua

Zenbait tokitan, autodeterminazioa gauzatzeak ekarri beharko lituzkeen independentzia politikoa eta subirotasunak bildurra sortzen omen du. Estatu berri bat eraikitzearen aurka direlako abertzaletasunaren at ikusten dute euren burua. Ordea, egiazko eta bizirik diren espainiar eta frantziar estatuak ez ote dira beldurgarriago?

Normala deritzot, zalantza, bildurra edukitzeari, zalantza eta kritika beharrezkoak ditugu. Euskal Herria nazio bilakatu nahi dugu, eta ez dugu nahi, inola ere ez, alboko estatuek egin dituzten okerrak geure herrian errepika daitezen. Jakinaren gainean gaude hasieratik, oinarritik ez ba gara erne egoten okertu gaitezkeela. Tresnak eta bide egokietan datza gakoa.

Autodeterminazio eskubideak boterea hiritarroi itzultzen digu, eta gizarte eredu berri bat eraikitzeko aukera ematen digu. Ez genuke kolorez, aurpegiz, banderaz soilik aldatu nahi. Benetan euskal gizartea ezberdina baldin bada, gizarte eredu zuzenago eraikiko dugu.

Hala ere, ezin dugu pentsa hemen ez ditugula arazorik edukiko, eskuina eta ezkerra eztagoela, gatazkarik eztugula. Arazoak ere, gainontzeko herrietan bezala, berdinak eta sakonak izango dira, baina azken finean eta azkenik, geureak, geuk konpoundu beharko genituzkeenak. Baldin eta gure buruaren jabe bagara konpontzeko tresnak izango ditugu, eta gizarte eredu (Estatua?) zuzenagoa sortu.

Europako estatuek duen subirotasun maila eskuratu behar dugu eta gaitasun horrekin gizarte eredua sortu, aberastasuna berbanatu, nazioarteko politika propioa ukan...

Estrategia falta

Abertzale mugimenduak ez ditu helburu politikoak lortu. Hegoaldean gehiengo garbi batek eskuetatik ihes egin digu. Iparraldean %10etik ez gara pasa. Abertzale mugimenduaren bi estrategia haundiek eztute arrakasta lortu, ezta batasunik ere. Ez hitzarmenarena, espainiar eta frantziar Konstituzioena (Estatutoa, Amejoramendua, Departamendua) ezta burruka armatuarena ere.

Estrategia berri orokorra eta bateratua behar dugu. Autodeterminazioa gauzatzearen aldeko gizarte mugimendu batek estrategia bateratu hori zuzendu dezakeelakoan gaude. Alderdikeriaren gainetik, ezberdintasunen gainetik, lehentasunak aukeratu, gerokoa geroko utzi.

Zenbait talde eta hainbat lagun ari gara azkeneko urte hauetan bide berri hau prestatzen. Lana latza da, urte luzeak ditugu aurrean, eta ezkertiarroi dagokigu esfortzu haundiena, eskuina poterean baitago Gasteizen, Baionan, Iruñean, Madrilen eta Parisen, beharra gero eta nabarmenagoa da.

Mugimendua eraikitzen ari garen bitartean zenbait auzi larritan adostasun bateratua euskal politikariei exijitu behar diegu, hots: euskaran, presoak etxeratzen, lurraldetasuna defenditzean, gatazkaren adierazpen bortitzei bukaera ematen... Politikariak atzetik geratu dira, hiritarroi, gizarte mugimenduoi dagokigu orain ardura hartzea eta bultzakada ematea.

Oharra: artikulua 1997koa da, handik gutxira herri mugimendu batzuek (Herria 2000 Eliza, Gernika Batzordea, Autodeterminazioaren Biltzarrak (Amaiur barruan zegoelarik), ELkarri, Bakea Orain...) "MAROÑOKO TALDEAK" ekimena bultzatu genuen, 1998ko irailan Lizarrra-Garazi sinatu zen eta historiaren norabidea aldatzen hasi zen.