« Itzuli albistegira

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

2017-04-24  ¦  patxi azparren

II. zatia

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)
Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

Zuzeukide batek eskatuta, eta azkeneko hilabeteotako gertaerek tendentzia berretsi dutelako, duela zenbait hilabete idatzi nuen artikuluaren bigarren zatia osatu dut.

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasata, Gure Esku Dago ekimenaren hainbat herri-galdeketa burututakoan, ETAren armagabetze osoa egiaztatutakoan, Ipar Euskal Herriko erakunde berria osatutakoan, UPN gobernuetatik at utzitakoan eta mendebaldeko hiru herrialdeen aurrekontuetan PNVk PP hautatu duela ikusi eta gero, eszenatokia aldatuta dago.

PNVren zuzendaritzan ez dago inolako pitzadurarik, garai bateko soberanista eta autonomisten arteko lerroketa iraganeko kontua da, eta egun, PNV osoak aho batez, egungo markoa babesten du. Euskal naziotasunaren onarpen sinbolikoa aski du eta Ardanzaren garaietako aliatu estrategiko berberak aukeratu ditu. Izan ere, PSE, guztiz ahuldurik, jeltzaleen makulu merkea bilakatu da.

Ahulezia egoera barne zatiketa dela medio, Madrilen PPren gobernua erraztearren, baina batik bat, PSOEren eskaintza Hego Euskal Herrian amortizatuta dagoelako. Nafarroa Garaian UPNren apopiloa izatea aukeratu zuelako eta mendebaldeko hiru herrialdeetan bere diskurtso identitarioak porrot egin duelako.

PSEren diskurtsoaren ardatza diskurtso identitarioa izan da. Azkeneko hauteskundeetan Idoia Mendiak ere berreskuratu nahi zuen euskararen aurkako bideo trakets hori plazaratzean, antzua izan zen ordea, bere ohiko boto-emaileen seme-alabek ez baitute euren burua PSEk ordezkatu nahi izan duenarekin identifikatzen. Une honetan, Toki askotan, PSEk eta PNVk eremu berean arrantzatu behar dituzte bozkak eta PNV garaile atera da. Besteak beste, biek eredu sozioekonomiko bera aldarrikatzen dutelako eta PNVk alternatiba identitario erraza eskaini duelako, hots, “vascoa” izatea hautu estetiko gisa, euskalduna izateko beharrik gabe, euskalherritarra izateko beharrik barik.

PNVk berriz ere leialtasuna nori zor dion aukeratzeko garaian, aukeratu du, hau da: talde interesei, interes ekonomikoei, eta klasikoen esango zuten moduan, “klase hautua egin du”. Klase hautua nazio leialtasunaren gainetik, kartera eskuineko poltsikoan gordetzen baita.

Eta egoera honek luze joko du, PNVren Estatu espainiarren laguntzaile bilakatu baita. CiUk independentismoarekin lerrokatzeko beharra izan zuelarik, Ortuzarrek eta Urkulluk agudo Duran i Lleidaren parean kokatu ziren. Arin, publikoki eta ozenki badaezpada ere.

Gasteizko Legebiltzarrean ondo baino hobeto irudikatu da Bloke Sistemikoa osatzen dutela PSEk, PNVk eta PPk. Aurrekontuak horren isla garbiena izan da. Sistema bera babesten dute hiru talde hauek eta bozka mugimendua beharrezkoa denean euren botoemaileak ere mugitzen dira behar horien arabera. Gasteizko Legebiltzarreko azkeneko hauteskundeetan PNVk bozka gehiago atera zituen independentismoari uko egin ziolako, ederki baitzekiten PPtik eta PSEtik milaka bozka lortuko zituztela. PNVk gobernua espainiar nazionalismoari zor dio eta honek berresten du aurreko artikuluan idatzi nuena: Ibarretxe baztertzean, PNVk trena Maltzagatik igarotzea utzi zuen.

Zaletasun eta gorroto guztietatik at dagoen egiaztapena da. Ikerlari “neutral” batek azterketa egingo balu baieztatuko luke, PNV ezin da indar independentistekin lerrokatu, objetiboki aztertuta, alderdi hau ez da independentisten aliatua. Eta azpimarratu nahi nuke “fobia” eta “filia” guztietatik landa egindako baieztapenaz ari naizela, izan ere, beste garai batzuetan, askok ez dugu arazorik izan oinarri zabaleko ekimen “panabertzaletan” aritzeko. Hamaika aldiz topo egin izan dut , adibidez, Ramon Labayen zenarekin, Nazioztaibadagunean; Independentistaken, Erabaki Plataforman…Gustura eta tinko aritu ginen Maltzagako Mahaian burujabetzaren aldeko mugimendu xume hartan, Tasio Erkiziak, Mertxe Colinak, Carlos Garaikoetxeak, Xabier Arzallusek eta Patxi Zabaletak agiri bera sinatu zuteneko hartan. Baina tren hura pasa zen. Egun Ibarretxeren borreroek agintzen dute Sabin Etxean eta aldaketarako zantzu txikienik ez da ikusten.

Gure Esku Dagok antolatu dituen herri-galdeketatan ere, oso gutxi nabaritu da PNVren botoemaileen parte-hartzea. Talde honen diskurtsoa apala izan arren, sarritan postabertzale ala prepolitikoa izanagatik ere, ez du lortu esparru berri askotara iristea. PNVren botoemaile asko dezente gehiago mugitu dira, esaterako, atez ate zabor-bilketaren aurka egindako herri galdeketa batzuetan Gure Esku Dagok antolatutakoetan baino. Adierazgarria.

Prepolitikoa ere izan da Aberri Egunean Bernardo Atxaga eta Nagua Albaren diskurtsoa, naziogintza “sentimenduen” esparruan kokatu zutenean. Askoz ekarpen berritzaileagoa eta politikoagoa espero genuen partitokrazia haustera etorri omen zen alderditik.

Egiari zor, aldaketa gehiago ikusi ari dira PNV ez dagoen tokietan PNV gobernuan dagoen tokietan baino. Apalak izanda ere, jardun politiko berritzaileagoa egin dira Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Egun, PNV aldaketa orori atea ixten dion atezain zorrotza da. Hau dela eta, politikari askok kontrakoa uste duten arren, baliteke ,epe laburrean, EAE izeneko lurraldetatik baino, Euskal Herriko beste eskualdeetan aldaketen giltza batzuk aurkitzea.

Honen harira, zalantzan jartzen dut ezker soberanistaren baitan kokatzen diren zenbait sektorek egiten duten hausnarketa, mendebaldeko hiru herrialdeetan PNVren laguntzaz prozesu soberanista azkar daitekeen uste duten sektore horiena, alegia. Ez daude-eta gertuago Bilbo, Irun ala Gasteiz, balizko askapen eta eraldaketa prozesu batetik Lizarra, Tafalla ala Iruñea baino.

Gauzak horrela, bistan da independentistok ez dugula bide xamurra. Euskal Bidea egiteke dago. Eta bidea, Mario Zubiagak bere azkeneko artikuluan “a setas y a rolex” esaten zuena baino dezente konplexuagoa da, besteak beste rolexetara joan direnak bidaide ez direlako. Soziologo honek aipatzen zituen bi eredu nagusietatik kanpo dauden beste bide berriagotan aurki daiteke jarraibidea, asmatzeke, jorratzeke dauden teknika eta estrategia berrietatik egungo egoerara egokituta eta egungo garaiari egokituta.

Maltzagatik igarota, aurrera joan nahi dutenekin aurrera egin behar dugu. Maltzagan igo ez direnek agian Altsasun igotzeko aukera izango dute, baina aitzinera egin ezean, trenik ez da egongo.

Politikarien arloan Ehbildu eta Ehbaitik kanpo bidaiari gutxi ditugu. Azkeneko urteetan egin diren saiakera guztiek baieztatu dute; aldiz, politikari profesionalen esparrua ez da joku-zelai bakarra. Jendarte sistema honek kaltetzen dituen sektoreetara jo behar dugu kaltedun horiek naziogintzarekin bat egin dezaten ahalegina eginez, Bloke Sistemikoak osatzen duten bloke hegemonikoari alternatiba eskaintzeko moduan egongo gara. Bidea eginez, alternatiba gauzagarriak sortzen.

Homologatua den politikan aritu behar bada ere, litekeena da, aldaketa esparru horietatik kanpo hastea: sindikatuekin, langabetuekin, euskaltzaleekin, feministekin, herri-mugimenduekin…Legebiltzarretan gehiengo eskuratzeko ahalegina egiten jarraitu behar bada ere, legebiltzarretatik at ere, bestelako gehiengoak eskura daitezke. EAE izeneko esparruko herrialdeetan zenbait aldaketa eman daitezkeen arren, euskaherritar ororentzat prestatutako jardunek aldaketa sakanagoa eta azkarragoa eman dezaketelakoan nago.

Euskal Errepublikaren trenera igo gara, billetea erosi dugu, errepublika horren herritar gisa bidaiatzen, ateak zabalik bidaiarik onartzeko prestutasunez eta gogoz, baina norabide bakarrean, independentziara.

Patxi Azparren