« Itzuli albistegira

Ibarretxismoa; EA eta EHbildu

2017-06-07  ¦  patxi azparren

Aro berria

Ibarretxismoa; EA eta EHbildu

IBARRETXISMOA; EA ETA EHBILDU

Gasteizko Legebiltzarrerako 2001ko hauteskundeak latzak izan ziren. Lizarra-Garazi hautsita eta su-etenaren bukaturik, eszenatokia zaila zen. Mayor Oreja nazionalismo espainiarraren ordezkari nagusia zen eta PSE bere esanetara jarri zen. Koalizioan aurkeztutako Ibarretxeren hautagaitzak 600.000 bozka lortu zituen. Agerian geratu zen ezkerreko abertzale askok bozka horretan babesleku aurkitu zutela, Arzallusek berak aitortu zuen.

Txiste moduko bat zabaldu zen egun horietan: “ez ezazu esan inoiz:- ur hau ez dut dastatuko”; “apaiz hau ez da gure aita” eta “ez dut PNV bozkatuko”. Zer esango dut bada, neuk ere Maddalen Iriartek aitortu zuen “bekatu “ bera egin nuen. Esan bezala, askok egin zuten lez, Mayor Oreja gelditzeko babesleku aurkitu nahi genuelako, baina, baita nolabait ere, ETAk hitza jan izana zigortu nahi genuelako. Izan ere, hamarkada luzez politikoki zurtz ibili ondoren, aspaldiko partez, Euskal Herritarrok sortutakoan pozez zoratzen bozkatzera joan berriak ginen eta amorrazioak gainditu gintuen. ETAk Euskal Herritarrok proiektua birrindu zuen eta horrekin batera noraeza nagusitu zen Ezker Abertzale soziologikoan.

ETAk Ezker Abertzalearen gidaritza nahi zuen; ezker abertzale soziologikoak, berriz, ordurako, ez zuen horrelakorik onartzen. Politikaren garaia zen, indar zibilen txanda, bakearen aroa eta irabazteko unea. Luze jo zuen amaierak. Bukatu zen, buka zitekeen modu bakarrean, aldebakartasunetik, lekukoa eta ardura behin betiko herriari emanez. Orain arin eta labur esateko gai gara, aldiz , urte horietan korapilo andana ez zegoen askatzerik eta ezker independentistaren oinarria etsituta zegoen. Ondorioak ere tragikoak izan ziren.

Egoera asko luzatu zelarik, Ibarretxek kudeatu nahi izan zuen. Emaitza ezaguna da, eta dagoeneko beste artikulu batzuetan aipatu dut. Ibarretxeren bi planek porrot egin zuten, batik bat egun PNVren gidaritza dutenek bizkarra eman ziotelako. Beste faktore asko egon ziren, baina nire ustez ,zilegi da bere etxekoei erantzukizun handiena leporatzea, euren zerrendaburua baitzen.

Ibarretxeren agintaldiaren azkeneko hilabeteak agoniakoak izan ziren. Lehendakariak babes gehiago zeukan alderditik at, Sabin Etxean baino. Azkenean, Ibarretxek amore eman zuen, batzuek Garaikoetxeak egin zuena errepikatuko zela uste zuten arren. “Ibarretxismoa” hil zen.

Ziklo hori bukatutakoan, Ezker Abertzale soziologikoa berregituratzen hasteko gai izan zen. ETAren behin betiko su-etena iritsi zen eta zubi berriak eraikitzeko parada heldu zen. Egoera berriak Bildu; Amaiur eta EhBildu sortu zituen; Ipar Euskal Herrian, berriz, gorabehera hauei aurre egiteko gai izan ziren hasieratik; eta lehendik, ezker soberanista soziologikoa Ehbain elkartzeko gai izan ziren, aitzindariak, alegia. Eta hau guztia gogoratzea ondo datorkigula uste dut, azkeneko asteetan EAn egon den zalaparta ulertzeko datuak emal ahal dituelako. Nire ustez, bi irizpide egon dira lehian: batetik Ehbildu Ibarretxismoaren oinordekoa izan zitekeela uste zutenena; eta bestetik Ehbildu, Euskal Herritarroken oinordeko berritua izan daitekeela uste dutenena.

2001ean mendebaldeko hiru herrialdeetan Ibarretxek sozialdemokraziatik eskuinera zegoen esparru abertzalea elkartzea lortu zuen, sekulako arrakasta izan zuelarik. Arrakasta hain zen handia , non Gasteizko Legebiltzarretik Euskal Herri osorako egitasmo soberanista zabaltzea bideragarria zela pentsatu baitzen.

Orain, ordea, Europako sozialdemokrazia osoak aukeratu behar izan duen bezala, euskal sozialdemokrazia ezkerrarekin bat egitea ala neoliberalismoaren kudeatzaile atsegina izatea erabakitzeko beharrean dago. Funtsezko zalantza honek eragina izan du EAko koadro politikoetan. Batik bat PNVk PSE eta PP aliatu estrategikotzat hartu eta gero. PNVrekin balizko akordioa ( “acuerdo de pais” ) ezinezkoa bilakatutakoan, EAko batzuk izutu egin dira. Ehbilduren aldeko hautua, behin behineko izatetik, hautu estrategiko eta historikoa izatera igaro behar dela ohartzean.

Ibarretxismoa hilda zegoen lehendik, baina akordio hauekin (PP-PSE-PNV) heriotza erabatekoa dela egiaztatu da. Ataka horretan krisi larria ukan dute batzuek. Gainera, ez soilik Ibarretxismoaren eremuan bozka bila eroso sentitzen direlako, baizik eta, Ehbildu Ibarretxismoaren oinordekoa izateko ametsa ere apurtu delako. Hego Euskal Herriko eszenatoki politikoan ez da uste zuten aldaketa emango. PNV ez da zatituko; ezker soberanistaren ezkerraldean ez da alternatiba gauzagarririk sortuko, hortaz Ehbildu ez da balizko bi polo horien arteko kudeatzailea, Ehbilduk PNVri hegemonia kentzeko tresna izan behar du.

Ehbildu Euskal Herritarrok baino urrunago iritsi da. Euskal Herritarrok-ek ukan zuen eremua gehiena berrelkartu du; euskal sozialdemokraziaren eremu batzuk eskuratu ditu; Madrazoren IUn kokatuta zeuden eremu batzuk sobernismora hurbildu ditu. Nafarroa Garaian hirietako gobernuetara iristeko gai izan da. Hots, Hegaldeko indar sozial eta politiko nagusia adina indarra eduki dezake. Hortaz, egitasmo soberanista abian jartzeko eta eraldaketa sozialari ekiteko moduan dago/legoke.

EAn egon diren tirabirek aldaketaren beharraren isla dira, definizio garbien beharraren adierazgarriak dira. Une latza, berriz ere, zailak. Halere, zorionez dramarik gabekoa, orain, jardun politikoa eta desadostasunak beste aldarte batez hartu eta kudeatu ahal ditugulako.

Ibarretxek ordezkatu nahi izan zuena , gure jendartean, egon badago , nola ez!. PNVk Durai i Lleidaren kokapena hartu dunez gero, ondo legoke norbaitek PDCren (CiUren ondorengo) rola hartzea, baina lan hori ez dagokio Ehbilduri, beste batzuen lana litzateke. Gehiago esango nuke, Ehbildu afera horretan nahastuko balitz proiektuak koherentzia osoa galduko luke.

Ehbilduri eta Ehbairi dagokie (konparaketari eutsiz) ERC eta CUPen esparrua politikoki antolatzea, eta eremu soziopolitiko horretan ari diren sindikatu eta jendarte eragileekin batera, independentzia eta eraldaketa sozialaren ibilbideari aldebakartasunetik ekin.

Patxi Azparren