« Itzuli albistegira

Euskariaren adierazpena

2017-09-06  ¦  Euskaria

Euskariak Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei eskaera hau egiten die: Kataluniako Errepublika aldarrikatuz gero, 24 ordura onarpen eta aitortza ofiziala egiteko.

Euskariaren adierazpena

Kataluniako gobernuak jakitera eman duenez, urriaren 1ko erreferendumean baiezkoa gailenduz gero, 24 ordura Catalunyako Errepublika aldarrikatuta izango da. Hito historiko honen aitzinean, Euskariak, berriz ere, bere elkartasun osoa adierazi nahi die prozesuari eta Kataluniako herriari.

Bestalde, Euskal Herriko zenbait erakunderen ordezkariek erakutsi duten jarrera ulerzina ikusirik, Euskariak euskalherritarrei Kataluniako askapen prozesuarekiko jarrera aktiboa hartzera gonbidatzen ditu.

Kataluniako nazio askapenerako prozesua “arazo katalana” deitzea ala Rajoyren gobernuaren aldeko tartekaritza eskaintzea guztiz lotsagarria da. Premiazkoa da, lehenbailehen eta urriaren 1ko hitzordua aurretik euskal erakundeetan jarrera aldaketa garbia adieraztea eta Kataluniako prozesuaren aldeko kokapen politikoa argi eta garbi erakustea.

Ildo horretatik, Euskariak eskaera zehatza egiten die Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundei. Hots, Kataluniako Gobernuak adierazi duen moduan, urriaren 2an Catalunyako Errepublika aldarrikatzekotan hurrengo 24 orduetara Errepublika hori ofizialtasun osoz eta ondorio juridiko guztiekin onartzea. 2017.09.06