« Itzuli albistegira

Tsipras eta Puigdemont

2017-10-29  ¦  patxi azparren

Grezia eta Katalunia

Tsipras eta Puigdemont

Tsipras eta Puigdemont; Grezia eta Katalunia

2015ean Syriza alderdia Greziako gobernura iritsi zen. Kontserbadoreak eta PASOk egon ziren aurretik gobernuetan, nor baino nor ustelkeriaz josita. Multinazionalek bultzatuta, lapurreta erraldoi bat gertatzen ari zen Penintsula helenikoan.

Turkiarekiko harreman okerra dela medio, aurrekontuen zati handi bat gastu militarretan erabili ohi da. Europako iparraldeko eta mendebaldeko hainbat herritako enpresak ederki aberastu dira konfrontazio hori elikatzen. Bestalde, Estatu espaniarrean bezala, Europako komuneko fondoetatik iritsitako dirua, sarritan azpiegituretan xahutu da, herritarren bizi baldintzetan inbertitu beharrean, izan ere, azpiegitura horiek dira multinazionalen jardun kuttuna eta kasta politikoaren arrantzaleku nagusia.

Estatu Batuetan hasiera izan zuen krisi ekonomikoaren uhinak Europara heldu zirenean, multinazionalek galerak sozializatu zituzten eta Europan moneta bakarra denez, galera sozializatzeko moduetako bat Europako hegoaldeko herritarren soldata jeitsiera izan zen. Jeitsiera hori behartzeko zor-soberanoari eraso egin zioten, baliabide publikoak murrizteko eta desbideratzeko beharra zutelako.

Eraso larri honi erantzuna eman nahian, Greziako talde herritar gehienek Syrizarekin bat egin zuten, gobernura eramatea lotu zuten arte. Haatik, gobernu berria osatu bezain laster, erasoak areagotu ziren eta gobernuak herri-galdeketa baten bidez erantzun zuen, neoliberalismoak bultzatutako diktadurari herri burujabetzaz arrapostu behar delako, ekonomia demokrazitatzea, demokrazia bermatzeko bidea baita

Herriak hitza hartu zuen, baina hitzaren kudeaketa presidente baten esku geratu zen. Herritar mugimendua eredu presidentzialistak bereganatu zuen. Trokiaren ordezkariek eta bestelako enparauek estu hartu zuten Tsipras presidentea, eta honek bere hitza eta herriaren hitza jan behar izan zuen. Greziari egindakoa Europa osoko demokraziari egindako Estatu-kolpe bat izan zen. Demokrazia eredu jakin baten azkeneko porrota, alegia.

Egun eta ordu lazgarri horietan Tsiprasek hamaika dei jasoko zituen, besteak beste , nazioarteko gatazketan "tartekari" lanetan ari diren zenbait aditurena.

Emaitza ezaguna da . Presidenteak atzera egin izan zuen eta "merkatuek" Greziako demokraziaren azkeneko zantzuak akatu zituzten. Greziari egindako Estatu-kolpea eta gero, Europako jardun politikoa erabat aldatu da, Estatuek multinazionalen esanetara dauden egiturak dira eta politikariak goi exekutiboen morroiak, euren esanetara lanean ari diren txontxongiloak. Grezian, euren agintea, ofiziala bilakatu zen.

Tsipras estutzen aritu ziren "tartekari" horiek mezulariak izan ziren, agintari berrien mezualariak. Eta susmoa daukat, Carles Puigdemonti egindako deialdien atzean horietako batzuk ere aritu zirela sator lanean. Geroan jakin ahal izan dugunez, baita 3.maila erregionalean ari den "tartekari" alonsotegitar bat ere.

Tartekariak eta tartekaritza

Tartekaritza, gatazkak modu eraikitzailean konpontzeko metodo bat da. Landu beharreko metodologia interesgarria eta beharrezkoa. Hainbat eta hainbat auzi tartekaritzaren bidez konpontzen dira.

Tartekaritza egiten duten eragileek ala pertsonek gatazkan ari diren taldeen arteko negoziazioa erabiliz, alde guztientzako onargarria izan daitezkeen proposamenak iradokizten dituzte. Komuneko interesak aurkitzean datza tartekaritzaren metodologia eta sarritan irtenbide onena da.

Alabait, tartekaritza fase batera iritsi ahal izateko gatazkaren hainbat urrats beteta egon behar dira, tartekaritza negoziazio fasean kokatzen baita.

Urriaren 1ko erreferenduma osteko tartekaritza saiakera, berriz, ezin dira kokatu eparru horretan, Kataluniak Estatu espainiarrarekin duen gatazka juridiko eta politikoan negoziazio fasera ez direlako iritsi. Bi aldeetako batek, Estatu espainiarrak, ez du onartzen kataluniako naziotasuna (erabaki-subketua) eta urte luzeetako saiakerak egin diren arren, erreferenduamaren egunean, Estatu espainiarrak biolentzia aukeratu zuen. Hortaz, gatazkaren fasea oraindik indar-korrelazioaren neurketan eta erakustaldian ari zen eta ari da.

Estatu espainiarrak biolentzia aukeratzean, gatazka muturreko egoera batera eraman nahi izan zuen, indarraren bidez bere borondatea nagusitu zela uste zuen-eta. Kataluniako mugimendu independentistak, aldiz, oso modu eraikitzailean erantzun zuen, negoziaziorako prestutasunari azken une arte eutsiz.

Mugimendu errepublikazalea bi indargune nagusi erakutsi zituen: herritar antolatuak eta aktiboak; narrazioaren koherentzia. "tartekari" horien "aholkuak" bi indargune horiek ahultzeko asmoz mahaigaineratu ziren.

Hauteskundeen eskaera.

Une horretan hauteskudeak eskatu izana eskaintza pozointsua zen. Hauteskunde plebiszitarioak eginak zeuden, herri-galdeketa ezloteslea ere bai; urriaren 1koa erreferendum loteslea zen. Horrela adostu zuten indar independentistek eta ibilbide-orriaren urratsak bete behar ziren, bestela herritarren aurrean sinesgarritasun osoa galduko zuketen. Usoz mozorrotutako azeriek bazekiten eta horregatik atera ziren plazara.

Urriaren 1ko erreferendumak Kataluniako independentismoari hegoak eman zizkion. Errepublika burujabea aldarrikatu ahal izateko adina indarra zutela erakutsi zioten mundu osoari . Garai berrien neurrian egindako metodologia erabiliz, Estatuaren biolentziari aurre egiteko, bide baketsuari eutsi zioten. Lurraren kontrola izateko herritar aktiboak eta ahaldunduak edukitzea gakoa dela erakusti zuten. Beraz, XIX eta XX.mendeko Estatu-Nazioen ezaugarrietako bat zalantzan jartzen, Kataluniako independentista mugimenduak korronte politiko berritzaileenetan kokatzea lortu zuen.

Estatu espainarra gerra logikan ari zen (eta ari da), irabazteko ahaleginetan ari zen. Biolentzia noraino eraman zezakeen ere neurtu zuen. Kaleetatik faszistak aske ibiltzen utzi zituen. Beldurraren teknika erabili zuen. Casado ministroak mehatxu zuzena egin zuen Companysi buruzko aipamen hori egiten... Estatuaren urratsak ustez baino zuhurragoak izan dira, ustez baino gaiztoagoak, garaipen osoa nahi du eta edozein tresna erabiltzeko gai da. Aste hauetan egindako neurketa hori burutu dute, eta uste zuten baino zailagoa dute, gure testu-inguru geopolitikoan tresna totalitario eta militaristen erabilera mugatua baitago.

Biolentziaren erabilera mugatua izango zuela ikustean, "tartekariek" telefonoa altxatu zuten. Helburua, Kataluniako indarguneak desaktibatu: arestian esandakoak, alegia.

Indarguneak desaktibatzeko herritarrak etxerarazteko proposamena egin behar zuten eta ibilbide-orriari inkoherentzia sortu behar zioten. Grezian erabilitako metodo bera erabili zuten, mugimedu herritarra , erabaki presidentzialista bihurtzeko ahalegina egintea, hain zuzen ere. Ia ia lortu zuten. Zorionez, herri aktiboa izatea eta zenbait talde politikoren koherentzia eta konpromisoa izan ziren txertoa.

Alderdien legea

Jakina denez, PSOEk eta PPk babestu zuten "alderdien legea" ETArekiko gatazka armatuaren aitzakiaz egin zen. Askok uste genuen bezala, ETAk bere jarduna bertan behar utzi arren, legeak indarrean darrai. Salbuespen egoera jaio omen zen legea araudi juridikoan normalizatu nahi izan dute, Estatu espainiarrean inguruko Estatu askoren bidetik, askatasun politikoak murrizteko ahaleginetan ari dira eta.

Patxi Lopez lehendakaritzara eraman zuen iruzur bera egiteko saiakera egiten ari dira. Lehenengoa urriaren 1ko ondorengo orduetan, bigarrena 155 artikuluaren bidez.

Mugimendu independentistak Errepublika aldarrikatu aurretik hauteskundeak onartu izan balu, prozesu independentsitak berea egingo zuen, birrinduta geratuko zen.

Errepublikaren aldarrikapena.

Kataluniako mugimendu independentistak aukeratu duen metodologiari esker, herritar askok hautua egin behar izan dute, baina bestalde, eta modu berean, pasiboak diren eta izango diren herritarrei beto eskubidea kendu die.

Katalunia jendarte konplexua da, oso konplexua, Euskal Herria baino gehiago esango nuke nik. Nazio nortasun eta talde nortasun mordo dago bertan. Bi oso zabalduta: nortasun katalana, nagusia; eta nortasun espaņola, bestea. Bi nortasunak uztartzeko asmoa eta ahalmena dituen herritar asko ere badago; eta nazio nortasunekin inolako ardura ez duen jende andana ere bai. Mugimendu independentista gehiengo eraltiboa aktibatzeko gai izan da, gehiengo zabala eskuartzeko gaitasuna izango duela erakutsiz.

Errepublika aldarrikatu eta gero negoziazioa posiblea da, berdien arteko negoziazioa, baina oraindik fase hori ez da iritsi, Estatu espainiarrak gerra logikari eutsi nahi diolako.

Oso adierazgarria da , mezuetan suertatu den aldaketa. Errepublikazaleen aldarrikapenak printzipio unibertsaletan onarriatzen ari diren neurrian, Estatu espaniarraren aldarrikapenak identitarioak baino ez dira. Espaniaren alde mugitzen ari diren pertsona eta manifestazioen leloak ikustea besterik ez da egin behar metamorfosi interesgarri hau egiaztatzeko.

Egoera zaila da, ezin ukatu, halere eredugarria izaten jarraitzen du. Zenbait iruditan erreparatuko bagenu, prozesu traumatikoa izaten ari dela esango lukete batzuek. Aldiz, antzeko beste prozesu askatzaileekin alderatuko bagenu, Kataluniakoa eredu berritzailea eta ez-traumatikoa izaten ari dela esango genuke.

Hilabete luzeak ditugu aurrean. Prozesuaren beste urrats bat baino ez da eman. Agian abendutik aurrera bi gobernu egongo dira Katalunian, Estatuaren laguntzaz sortutako gobernu sasiautonomikoa; eta errepublikaren gobernua. Nor baino nor arituko dira herritarren leialtasuna eskuratzeko eta nazioarteko aitortza lotzeko.

Estatu espaniarraren argudioak zentzuk diren ikusitakoan, garbi daukat nor aterako den garaile. Luzea izan daiteke, gorabeherak ere egongo dira, batzutan galduko dute, baina epe ertainean Kataluniako Errepublika izango da Nazio Batuen Elkartean katalanen ordezkaria.

Ziur naiz ere, katalanek hori lehenbailehen lor dezaten, guk ere Euskal Herrian gure bideari ekin behar diogula oraintxe; eta bistan da ere, guk aurrera egin ahal izan dezagun, Kataluniak lortu behar duela.

Patxi Azparren.