« Itzuli albistegira

Euskal Errepublikazaleok abian jartzeko tenorean

2017-12-28  ¦  patxi azparren

guk ere mambo

Euskal Errepublikazaleok abian jartzeko tenorean
Euskal errepublikazaleok abian jartzeko tenorean

Euskal errepublikazaleok abian jartzeko tenorean

Ezaguna da marka komertzial batzuek euren buruari konpetentzia egiteko produktu bereko beste marka bat salgai jartzen dutela. Espainiako Antena3 eta la Sexta telebistek ere antzeko jokoa egiten dute. Joko hori oso nabarmena geratu da azkenekoetan, Kataluniako askapen prozesuaren harira, alegia

Teorian ala estetikoki, Estatu espainiarreko eremu aurrerakoiei begira egindako programazioa du La Sextak. Halere, Urriaren 1ko erreferendumetik, 155 artikulua ezarri arte, telebista kate horren esatari ezagunenak aho batez aritu dira Kataluniako prozesuaren zilegitasuna ukatze aldera.

Saio guztietatik hamaika gonbidatu pasa dira eta guztiei Kataluniari buruzko ditsosozko galdera egin diete. Horietako bat ekarri nahi nuke plazara, Julia Otero, eta bistan da Otero andrea ez dela bereziki iritzi-sortzailea edota politikan ala filosofian aritua edo aditua, baina nolabait Juliak esandakoak nahiko ondo islatzen ditu eztabaidan eta auzian dauden zenbait kontu. Hori zen, hain justu, Pablo Motos aurkezlearen asmoa, politizaturik ez omen dagoen pertsona baten iritziari oihartzuna ematea.

Julia Otero Galizan jaioa da, urtetan Madrilen aritu da lanean eta azkenekoetan, ordea , Bartzelonan bizi da. Bere esanetan. "Leku guztietan etxean bezala dago" eta bere burua espainiartzat; galiziartzat eta katalantzat du. Izan ere, 155. artikuluaz antolatutako hauteskundeetan Kataluniako herritar moduan bozkatu ahal izan du. Txalo zaparradaren artean, Juliak bere nortasun sentimendu anitza aldarrikatu zuen elkarbizitzaren izenean.

Esan gabe doa nik behintzat ez ditudala zalantzan jarriko, ez Juliaren nazio-sentimenduak, ezta beste inorenak ere. Egungo jendartean, globalizazioaren garaian, mota guztietako naziotasun-sentimenduak daude, anitzak, aldakorrak, dinamikoak, nazio sentimendu guztietatik at dagoen jende andana...denetik. Baina afera ez da hori, eta ederki dakite La Sextako zuzendaritzakoek eta Kataluniako erabaki-eskubidea ukatzen duten gehienek.

Estaturik gabeko herritarron nazio-eskubideak sentimenduen esparrura eraman nahi dituztenak iruzurra egiten ari dira. Izurra egiten ari dira Monederok, Icetak, Evole , Oterok eta gainontzeko enparauek eta jakin badakite.

Katalunian eta Euskal Herrian aldarrikatzen duguna berdintasuna da, eskubideen berdintasuna, eskubide zibil eta politikoen arloan kokatzen ari den aldarrikapen juridikoa eta osagarri asko dituena. Hots, egun Estatu-nazioek monopoliotzat hartzen dituzten esparru guztiek biltzen dituzten osagarriak.

Naziotasun sentimendu aintzaren izenean katalanei eta euskal herritarroi naziotasuna ukatzen digutenak iruzurra egiten ari dira. Espainiako naziotasunari "supremazia" ematen dion pentsamolde inperialistaren ondorengo supremazia, alegia. XIX. mendean kokatzen den ideologia zaharkitua eta zapaltzailea.

Aitzitik, Kataluniako mugimendu independentistak XXI.mendeko beharretara eta egoerara ederki kokatu den proposamen politikoa egin du. Nazio-sentimendua; nazio-nortasuna eta nazio-hautua esparru ezberdinetan kokatu behar diren kontzeptuak dira: lehenengo arau guztietatik landa dagoen gogo pertsonala da; bigarrena Estatuek ahalbideratu beharko luketen eskubide objektiboa; hirugarrena nazioarteko araudia bermatu beharko lukeen hautu askea.

Oraingoz, modu sinbolikoan abian jarri den Errepublikaren eraikitze lanetan, prozesu konstituzioegile bat aurreikusten da. Aurreratu dutenaren arabera, Katalunian naziotasun katalana unibertsala izango da, hiru hizkuntzek ofizilatasuna izango dute (Aran bailarakoa barne) eta naziotasun bikoitza onartuko da. Hortaz, naziotasun-sentimendu anitza izango duen orok eskubideak galdu beharrean, eskubideak irabaziko ditu, bi Estaturen bizitza politikoan erabaki-subjektu gisa aritzeko ahalmena izango baitu.

Gauzak horrela, ezin dugu onartu trikimailu dialektikorik, ez eta onartu eztabaida trilero politikoek eraman nahi duten tokira eramatea, sentimenduen arlora, hain zuen ere. Hemen norbaitek sentimenduak mahaigaineratu baditu, espaniar nazionalismoa izan da. Grosfroguel irakasle puertorricotarrak "kolonialismo mindutzat" definitu du portaera hori.

Batzuk denbora makinan atzerako bidean ari diren bitartean, Euskal Herrian eta Katalunian historiaren beste fase berri batean erabat murgildurik gaude. Hemen, XXI.mendeko errepublika demokratikoak eta sozialak eraikitzeko osagarri nagusienak zentzuk izan behar diren badakigu eta errezeta hau erakargarria bezain beharrezkoa da. Horren beldur daude. Nazionalismo espainiarrak horren aurrean XIX. mendeko diskurtsoak ez ezik trenak eta mamuak ere berpiztu ditu, biolentzia eta guzti.

Orain arte, Kataluniako askapen prozesu demokratikoak erronka guztiak gainditu ditu: urriaren 1koa; poliziaren erasoak; ordezkari nagusien atxiloketak; 155.artikuluak inposatutako hauteskundeak...Estrategia bateatuari eusteko gai baldin badira, hurrengo urteetan Kataluniako Errepublikaren garapen juridiko guztia egina izango da eta NBE elkartean gure adiskideek eserleku bat izango dute.

Hori gertatu bitartean, gure lanari ere ekin beharko diogu. Kataluniako ondo atera dadin, geuk ere gure prozesuari ekin behar diogu 78ko erregimena behin betiko eror dadin.

Geurean ere bai

Geurean behar ditugun osagarriak eta kontzeptuak ez dira oso desberdinak, ibilbidea bestelakoa izango dela jakin arren. Euskal Herrian ere, euskal naziotasuna berdintasunean juridikoki onartu izan dadila nahi dugun guztiok aldebakarretasunetik haustura demokratiko bati ekin behar diogu. Nazio-hautu askea oztopatzen duten Estatuen aitzinean, aldebakartasunetik baino ez da-eta indar-korrelazio aldatzen eta ekintzatik baino ez da sortzen dinamika eraldatzailerik.

Hamaika inkesta plazaratu dira. Hego Euskal Herriko datuak baino ez ditugu eta ditugun datu gehienak ez dira fidagarriak. Haatik, okertzeko beldurrik izan gabe, Hegoaldean populazioaren herena baino ez dago independentziaren aurka. Beraz, esparru zabala gehiengo sozial alternatiboak gorpuzteko ezta?.

Aldebakaratsun bikoitza

Azkeneko hilabeteotan, berriz ere, agieran geratu da garai batean abertzaletasunaren eremuan kokatzen ziren eragile batzuk eroso daudela egungo autonomian. Katalunian ere horrela zen duela 15 urte. Aldiz, egun, lerroketa politiko guztiak errotik aldatu dira eta Euskal Herrian ere gure prozesuari hasiera ematen badiogu lerroketak zeharo aldatuko direla pentsa genezake.

Hemen ziuraski, Estatu espaniarra eta frantseren aurrean aldebakartasunera iritsi aurretik beste aldebakartasun bat piztu beharko dugu, euskal naziotasuna nahi duten esparruaren baitan, sektore batzuk onarpen estetiko, sinboliko, liberal batekin aski dutelako. Hori dela eta, bidea esparru osoaren sektore batzuetatik hasi beharko dugu, ondoren aldaketak eta lerroketa berriak sortuko direla aurreikusiz.

Aldebakartasun bikotza horretan euskal errepublikazaleok gara eragile aktiboak, aktibatu beharreko eragilea, hobe esanda. Euskal Errepublika "NAHI" dut desiotik, euskal errepublikako herritarra "NAIZ-GARA" izatera igaro behar dugu, eta sortzeke dagoen errepublika horren herritar politizatu gisa aritzen hastea. Hasiera apal eta emeki izan daiteke, erabateko etena egiteko urrats asko egin behar baitira, baina behin bidea hasita, eraldaketa-prozesua bizkor daiteke, epe ertainean Katalunian dagoen antzeko atakan egon ahal izateko eta bi aldetatik tiraka harresia bota ahal izateko.