« Itzuli albistegira

PNVren aingura

2018-05-01  ¦  patxi azparren

aska gaitezen

PNVren aingura

PNVren ainguratik aska gaitezen.

Euskal Herri osorako estrategia bakarra aukeratzea ez da sekula lan xamurra izan. Azkeneko urteetan, gainera, aniztasuna handitu da eta iraganean oztopoak ziren hainbat faktore desagertu badira ere, oraindik ez da bide sendo bat aukeratu.

Egoera ez da erraza, Estatuekiko aldebikotasuna ezinezkoa da; eta bestalde, aldebakartasunari ekiteko indar-metaketa nahikorik ez dugula ematen du. Noraeza horretan oraindik ez dugu aurkitu ibilbide nagusi bat eskualde guztietako euskal herritarrentzat. Laberintotik atera nahian, proposmen berriak mahaigaineratzen ari dira.

Susmoa dut proposamen horietako batzuk irudikatzeko garaian pisu handia izan duela Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko herri batzuetan ematen ari den fenomeno berriak. Demagun eskualde horietako bi familia alderatu nahi ditugula. Familia batek PNVri bozka ematen dio; besteak EHbilduri. Bi familia horiek, egun, ez dira hain ezberdinak: ingurua euskalduna dute, bietan berezko hiztun euskaldunak dira. Eskualdean langabezi-tasa txikia dute...

Etxeko guztiek badute lana. Jeltzaleen aldeko bozka egiten dutenak mezetara joaten ez diren arren, oraindik euren burua katolikotzat dute, igandeetan hobeto janzten dira, auto ederra eta garestia erakusteko konplexurik ez dute, euren arrakasta erakutsi nahi dute. Kostaldean etxe bat erosi dute, batzuetan alokatzeko, besteetan uda han pasatzeko. Lurra zuten eta oso mailegu txikia eskatu behar izan zutelako, familiako guztiek dagoeneko herriko etxea ordainduta dute.

EHbilduri bozka ematen diotenak ere lanean ari dira. Seme-alabak koxkortu dira eta lau soldata iristen dira etxera. Jainkokeria gaindituta daukate eta bestelako balore-sisteman aritzen dira. Babes ofizialeko etxea egokitu zitzaien eta diru faltarik ez dute. Estetikoki ezin dute auto garestia erosi, baina furgoneta txukuna dute asteburetarako. Kostaldean etxerik ez, aldiz, urtero Tailandia ala Vietnamera joaten dira oporretara. Biek ala biek badute osaba-izeba bat Euskadiko Ezkerran ibilitako, "euskadiko" jatorra ordea , ez PSOEn sartu zen horietakoa. Biek ala biek herriko jaiak elkarrekin antolatzen dituzte, herri horietan alarde matxistek sortzen duten polarizazioa ez baitu eraginik, bi familietakoak herriko elkartean elkartzen dira sarritan.

Barkatuko didazue karikaturizazioa, baina nire ustez horrelako gertaerak ari dira ematen toki batzuetan eta horrek eragina izan du zenbait eragilek egin duten estrategia deseinuan. . Horren adierazleetako bat, esaterako, horietako herri batzuetan udal hauteskundeetan ezker/eskuin ezberdintzen ez dituzten herri-plataformak sortu izana. Egoera idilikoa askoren ustez, eta noski, ulergarria da hamarkada luzeetan lubakiak egiten aritu ondoren horrela sentitzea. Zubiak eraikitzea eskertzekoa da, neronek ere oso gustura eta eroso ibiltzen naiz lan horretan, askoz atsegianagoa egiten zait, haatik,....

Egoera idiliko horrek ez du irudikatzen benetan une honetan Euskal Herrian geratzen ari dena, ez arlo soziokulturalean, ez ekonomikoan, ezta politikoan ere. Euskal Herritar gehienak ez dira horrelako testu-inguruan bizi. Gehiengoa bost gunetan pilatu gara: Bilbo Handian; Gipuzkoako Iparekialdean; BAMn; Iruņerrian eta Gasteizen. Eta leku horietan panorama oso bestelakoa da: langabezi-tasa handiagoa da, aniztasuna konplexuagoa da, euskaldun aktiboak minoriatuta daude, poliziaren presentziak jarraitzen du itogarria izaten, etxe-bizitzak garestiak dira, ingurumena kutsatuta dago, terzirazio prozesu azkarra suertatu da, pobrezia boltsak sortzen ari dira, etorri berriak baztertzen ari gara... Leku horietan jeltzaleek ez dute berdin jokatzen, eta jeltzaleak oso iaioak dira, zenbakiak egiten trebeak dira-eta. Jakin badakite zein politika egin behar den mendebaldeko hiru herrialdeetan hegemoniari eutsi ahal izateko, eta egun ere jakin badakite noren bozkei esker ari dira gobernuetan.

Egungo PNVren botoemaile gehienak ez dira herri txiki eta euskaldunetan bizi. PNVren boto emaile gehienak aipatutako bost gune horietako hirutan pilatzen dira, mendebaldekoetan, alegia. Gehien-gehienak ez dira euskaldun aktiboak, izan ere, gehienetsuenak erdaldun elebakarrak dira, "vasco" izateko premia dutenak, baina euskalduna eta euskal herritarar izateak eskatzen duen lana eta konpromisoa hartu gabe. Oporraldia Espinosa de los Monterosen ; Ezkarain, Landetan eta Castron igarotzen dute, Bakaiku eta Ezpeleta ezin dituzte mapan kokatu eta Erkorekak bezala, Kanbo "Euskaditik" at dagoela esaten dute. PNVk badaki, eta aspalditik horientzat hitz egiten du, horientzat hauspotu du ETB2. Benetako militantziarako horien laguntzarik ez duenez, Aberri Eguna Plaza Berriko eremuaren erdia baino ez du betzen. Horien beldur PSOErekin gobernatzen du, horien beldur PPren aliatua da eta horien beldur EHBildu du arerio.

Ereduen talka

Leku horietan Ezker Soberanistaren eta jeltzaleen ereduek talka egiten dute. Batzuk ekiditzen saiatzen ari direna, baina PNVren zuzendaritzakoek argi duten talka. Azken muturreraino eramateko prestutasuna dutelarik, epaitegien, prentsaren eta edoneren laguntzaz. Euren "gotorlekuetako" batetik (Aldundi bat esaterako) "botatzea" lortzen duen orori larrutik ordainaraziko diote, galde diezaiegun adibidez Ainhoa Intxaurrandieta edota Iņaki Errazkini

Ezker Soberanista mendebaldeko hiru herrialdeetan PNVk duen hegemonia ahula zalantzan jartzeko gai izan zitekeela erakutsi zuen unetik, jeltzaleen estolderia osoa martxan jarri zen. Batzuei egokitu zitzaien ohiko keinuak egitea, garai bateko PNVren balizko bi arimak bizirik baleude irudikatzea. Haatik, PNVren benetako ildoa politikoa bakarra da, "real politik" . Europako eskuineko alderdi politiko guztiek aukeratu duten jokabide bera bereganatu du PNVk, erakunde publikoak eta diru-publikoa "Merkatuen" esanetara jartzea eta ezker eraldatzailearen alternatiben aurka sutsuki borrokatzea.

Testu-inguruak estutu zituen jeltzaleak. Nazioarteko testu-inguruak, zein Euskal Herrian ematen ari ziren aldaketek, PNVk hautu egitera behartu zuen, eta hautua ondorio guztiekin egin du. PNVek alderdi erregionalista izatea erabaki du eta erregionalismoaren aliatu naturalak aukeratu ditu. Tokian tokiko gobernuetan PSOE; arlo estrategikoetan PP.

Lerroketa honek mozorrik gabe irudikatzera behartu du PNV. Ibarretxek zabaldu zuen bidea, behin betiko itxita egongo dela beramatzeko eta Indar sistemikoen klubean onartua izateko, ordain-sari guztiak ordaindu ditu: Catalunyako Errepublika aldarrikapena oztopatzeko ahalegina egin; PSOE eta PPren orbitan ari diren enpresak jeltzaleen orbitan dauden enpresekin elkarlanean aritzea; pentsiondunen "iraultza" baretzeko PPri laguntza eskaintzea, AHTtik xurgatu dezaketena ez galtzeko mota guztietako hitzarmenak sinatzea, jubilizazio sistemaren puxka bat pribatizatzeko saiakera egitea; osasun eskubidea murriztea, Euskal Gehiengo Sindikalaren etsai amorratua izatea....

PNVek hautua egin du eta horrek ez du bueltarik. Ez du bueltarik Ezker Soberanistak sozialki, estrategikoki eta politikoki PNVri irabazi arte. PNVri irabazteko metodoa ez da balizko komuneko esparru baten bila aritzea, euren ereduaren aurkako alternatiba gauzagarria dugula egiaztatzea baizik. Antagonismoa areagotzea eta sektore berriak erakartzea ezkerreko sobernanismo eta independentismora.

Baloiak Euskal Herriko eskualde guztietan jokatu ahal izateko modukoa izan behar du. Eremu horretan Ezker Soberanista handiago da euskal erregionalismo eskuindarra baino. PNVrik gabeko indargune eta botereguneak behar ditugu, PNVren aingurarik gabeko etorkizun posibleak, erakargarriak eta eraikitzaileak sortzeko gai izan behar gara, eta bide horri oraintxe heldu behar diogu. Ildo horretan, Unai Apaolazak esan berri duena nirea egiten dut: " Independentismoak ez du jendarte kontserbatzaile bat behar, berandu baino lehen, indarrean dagoen legedia ez errespetatzeko gaitasuna izango duen jendartea sortu behar baitu" Pepe Mujika zenak zioen moduan: " ezinezkoa da, lan gehiago egitea eskatzen