« Itzuli albistegira

Euskal CUP bat (zuen) beharra

2018-09-08  ¦  patxi azparren

dinamika eraldatzaileak

Euskal CUP bat (zuen) beharra

Euskal CUP bat (zuen) beharra

Ezaguna denez, Catalunyako egoera politikoa irauli duten eragile nagusiak lau dira: PdeCat, ERC, CUP eta ANC. Iragan den urriko erreferendumaren atarian lau eragile horien kokapen politikoak ezberdinak ziren eta denek ez zuten iritzi bera. Oinarri sozialek, ANC-Omiumek eta CUPek mobilizazioei ekin zieten eta CiUohiak eta ERCek onartu behar izan zuten ibilbidea.

Oraingoz Catalunyako Errepublikaren aldarrikapena sinbolikoa baino ez da eta prozesuaren etapa batean baino ez gaude. Gatazka juridiko-politikoa zabalik dago eta emaitza ikusteke.

Agerian geratu da eragile independentistek estrategia bateratuari eustea gakoetako bat dela, aldiz, paradoxikoa izanda ere, eragile ezberdinak eta autonomoak izatea ere beste gakoetako bat da.

Batetik independentismoa anitza izatea Catalunyako jendarte konplexuaren eremu askotara iristea ahalbideratu du; bestetik, beraien arteko lehiak (estrategia bateraturako kaltegarria dena) arerio politikoari (Estatu espainiar eta nazionalismo espainiarrari) jarduna oztopatu dio.

Estatua eta bere laguntzaileak (Urkullu, kasu) Talde independentisten pitzadura bila ibili dira eta egon badaude, baina lau eragileak batera atzera egitea ezinezkoa da. Eragile independentistek badakite lauetako batek atzera eginez gero, oinarri sozialak larrutik ordinainaraziko diola. Gauzak horrela, mugimendu independentistaren baitan eragile ezberdinak eta burujabeak egotea Estatu espainiarren trikimailuak eragotzi ditu.

Euskal Herrian

Geurean, berriz, bistan da eragile politikoek ez dutela osatzen Catalunyan ikusgai dugun panorama. Hemen, Catalunyan ez duten osagarri garrantzitsu bat ukan arren, (gehiengo sindikala) eragile nagusiak ez dira independentismo aktiboan kokatzen eta prozesu independentista baten hasieratik urrun kokatu gaituzte.

Duela urtebeteko prentsa irakurriz gero, Catalunyako erreferendum aurretik egindako agerraldietan, zenbait eragilek aldebakartasuna aldarrikatzen zuten "Euskal Bideari" ekiteko. Egun, aldiz, kikildu direla/garela ematen du. Izan ere, azkenekoetan Catalunyako eta Euskal Herriko erlojuak parekatzeko egin diren deialdiak Catalunyan geldi daitezen egin dituztela dirudi.

Kezkagarriak izan dira ere zenbait azalpen, Estatu espainiarrak euskalherritarrak eta katalanak liluratzeko (seduzitzeko) proposamenak mahaigainera ditzala aholkatzea, esterako. Iosu Ion Imazen "Espainia lilura dezagun" edo gu liluratzeko aukerak egon daitezela esatea gertuegi daudela esango nuke. Estatu espainiarrean "eroso" egon ahal izateko proposamenek beldurtu ohi naute eta testu-inguru honetan askoz gehiago, Catalunyako jauziarekin bat egin beharrean, Catalunyan atzera egin nahi dutenekin bat egin dezakeelako.

Adituen esanetan, agortutako jendartetan "porrot prebentiboa" indarrean jartzen da eta nire ustez "porrot prebentiboa da nagusi independentismoaren dinamizazioaren ardura hartu behar zutenengan.

Porrot batek sor lezakeen frustrazioaren beldurrez ezkerreko independentismoaren eledun nagusiek PNVren bidaia-kidetza bilatu dute, alderdi horrek dituen behar eta arrisku berrien aitzinean komuneko interesek elkartu ahal gaituztelakoan.

Haatik, aste berean PPren aurrekontuak bozkatzeko; Pedro Sanchez presidente izendatzeko eta EHbildurekin balizko Estatus politiko baten aurre-hitza sinatzeko gai den alderdi batekin akordio estrategiko bat hitzartzea biziki arriskutsua da. Inolako ondoriorik gabe, emandako hitza hamaika aldiz jateko gai den alderdi batekin jauzi soberanista eman nahi izatea ez da bideragarria.

Egia da Estatu espainiarrean eta Europan ematen ari den inboluzioaren aurrean PNV beldur dagoela. Gernikako Estatuak ematen dizkien onurak galtzeko beldurrez daude, baina Estatu espainiarrak jakin badaki euskalherritarrekin nola jokatu behar duen. Mayor Orejarekin saiatu ziren "a por ellos " hori egiten eta badakite horrek ez duela balio. Inboluzioa egon daiteke, baina hori gertatzekotan hamaika keinu egindakoan, azkenean PNV babes bila joango da.

Mendebaldeko hiru herrialdeetarako estatus aldaketaren mugak estuak dira. Beharra sentitu bezain laster, PNVk PSOE eta Podemosekin bestelako bide bat adostuko du. PNVrentzat askoz erosoagoa da ultraeskuina alde batean utzi eta Ezker Soberanista beste aldean laga, gainontzeko eragileekin Espainian eroso eta oparo jarraitu ahal izateko akordioa sinatuz.

Eszenatoki hori posiblea da eta hilgarria ezker Independentistarentzat. Ataka horretan ezker Independentista Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PNVk Podemosek eta PSOEk sinatutakoaren aurka kokatu beharko litzateke balizko autonomia estatus berri bat aldarrikatzeko, esperpentikoa. PNVek ez luke apenas higidurarik izango eta independentismoa desaktibatuta geratuko litzateke. Izan ere dagoeneko zenbait eragilek jardun independentista eten egin behar dela aldarrikatu dute.

Jardun independentisten beharra.

Catalunyan bezala, Euskal Herrian ere Estatuekiko etena eta eredu sozioekonomikoarekiko haustura aldarrikatuko eta praktikatuko duten eragileen beharra du. Horiek gabe hurrengo urte luzeetan ez da dinamika eraldatzailerik sortuko eta dinamika horiek gabe gure jendartea, agortutako jendartea izango da, porrot prebentiboan itota.

Egungo testu-inguruan eragile horiek ezin dira kokatu hauteskundeetara joaten diren esparruan. Esparru hori urte batzuetarako egun dagoen moduan osatuta egongo da eta gorabeharak ezin dira oso handiak izan, gidoi honek ez duelako aldaketa estrukturalik proposatzen.

Esparru horretarako EHbilduren zuzendaritzak erabaki estrategiko bat hartu du eta erabaki horrek ekarriko dituen ondorioek independentismo aktiboaren garapena oztopatuko dute. Lehia hauteskundeetara joaten diren alderdien esparruan kokatuko bagenu, emaitza zatiketa litzateke, guztiz antzua une honetan.

Estatu espainiarra eta frantserarekiko aldebikotasun orekatua eskuratu ahal izateko modu bakarra errepublika burujabea sortzea da. Hortaz, orain aldebikotasunean oinarritutako estrategiek harresi batera garamatzate; aldebakartasunean oinarritutako estrategia azken muturrera eraman ahal izateko adina indarra ez dugu. Labirinto honetatik ateratzeko independentismoak bide berriak eta subjetu politiko berriak sortu behar ditu. Aldebakartasunetik hastea baino ez dago, baina garapen historikoa eta eraldaketa politikoa ulertzeko baliabide eta paradigma berriak erabili behar ditugu.

Mediterraneoko gure lagunen moduan, guk ere erreferente erradikalen beharra dugu. Dinamika eraldatzaileak sor daitezke soilik, subjetu politiko eta pertsona batzuek "0" minututik haustura-prozesuari ekiten badiote/diogu.

Gure ANC osatzeko baldintzak ez dira ematen, besteak beste , hemengo eskuina autonomista delako eta egitura "panabertzaleak" autonomismora mugatuko direlako; baina "euskal CUP" batzuk sortzeko aukera eta premia dago hauteskunde lehiatik at, beste militantzia batzuekin bateragarria eta dantza eta doinu interesgarriagoak jotzeko lagungarriak.