« Itzuli albistegira

Eukal Errepublika elkar zaintzarako

2019-09-23  ¦  patxi azparren

elkar zaindu

Gure espezieak hainbat berezitasun du. Sarritan hizkuntza eta kultura aipatu dira eta ulergarria da, hizkuntzek eta kulturek gizaki egiten baikaituzte. Clifford Geertz antropologoak zioen moduan kulturarik gabeko gizakirik ez da posible. Halere, sarritan, gure beste ezaugarri garrantzitsu bat ahaztu egiten zaigu, zaintzaren beharra, alegia.

Gure aurrekoek zutitu zirenetik, erditzea zaildu zen, umeak gainontzeko ugaztunen kumeak baino lehenago jaiotzen dira. Horren ondorioz, hasierako hilabeteetan erabateko menpekotasuna dugu, eta urte luzez, helduen laguntza ezinbestekoa dugu aurrera ateratzeko. Izaera berezi honek aldaketa handiak sortu ditu gure espeziearengan. Besteak beste maitasunaren sentimenduaren sakontasuna horretan du sorburu.

Alabaina, zaintzaren beharra ez da umezaroarekin batera bukatzen, zahartzaroan ere, kasu gehienetan gure menpekotasuna berriz ere erabatekoa izan ohi da. Azkeneko urteetan gure jendarte zaharkituetan nabarmendu da egoera hori. Nola edo hala, gutxiago ala gehiago, gure bizitzaren garai guztietan besteen laguntza behar dugu, espezie soziala gara eta sozialak garen neurrian, onez ateratzen gara elkarrenganako zaintzari esker eta elkarlanari esker.

Historiak aurrera egin ahala, planeta osoa okupatu dugu eta konplikatu dira elkarbizitza zein bizi-iraupena. Trikimailu tekniko, sozialak, kulturalak, politikoak, juridikoak asmatu behar izan ditugu gure bizimoduari aurre egiteko. Azkeneko hamarkadetan, gainera, “Rubicon” moduko bi mugarri beldurgarriak zeharkatu ditugu: lehenengoa, Mundu-Gerra atomikoaren mehatxua; bigarrena, krisi klimatikoa.

Gure espeziaren bizi-iraupena arriskuan da, eta arriskua gu geu gara. Lehengo aldiz horren jabe gara eta horretaz jabetu gara. Aro Planetarioan eta Antropozenoan erabat murgildurik gaude hauetan, orain arte erabili eta sortu ditugun ereduak motz geratu dira eta tresna berrien premia dugu.

Estatu-Nazioa

Garraioen iraultza gertatutakoan, gizakia planetaren txoko guztietara iristean, lurraren herri guztiak harremanetan jarri ziren. Zoritxarrez, kasu gehienetan topaketa hori traumatikoa izan zen, izan ere, europarrok izan ginen horren protagonista nagusiak.

Eurozentrismoaren gaitzak jota gure eredua zabaldu genuen bazter guztietara aurretik zeuden jendarte-antolaketa guztiak mespretxatzen eta ordezkatzen. Europak gerrarekin batera, kapitalismoa eraman zuen, baina baita Estatu eredua ere.

Aro Planetarioaren hasierako urratsak inperialismoaren botapean jorratu ziren. Geroago Europak berak izan zuen aldaketa prozesua eta Estatu-Nazioa kontzeptua sortu zen. Eredu berriak ilunak eta argiak zituen. Herriaren burujabetza aldarrikatzen zuen, herrikide guztien berdintasun juridikoa aldarrikatzen zuen, herrikideen zaintzaren ardura hartu nahi zuen, baina bide batez, derrigorrezko homogeneizazioa ezarri nahi zuen eta gogor egiten zion arerioari.

Estatu-Nazioak bere gain hartu nahi zituen ardura guztiak. Logikoa denez, elizak bereganatuta zituen eskumen asko bereak egin zituen Estatu laikoak. Izan ere, Elizak aurrea hartuta zion Estatuari zenbait arlotan. Besteak beste, jaiotzen kontrolean, ezkontzetan, ospakizunetan eta zaintzan.

Eliza jendarte zibilaren sareetan murgildu zen herritarren bizimodua kontrolatzeko, herri indigenen eta nekazarien sare sozialak menpe nahi zituen-eta. Estatuak eliza ordezkatu zuen. Alde batetik eremu horiek guztiak “demokratizatu” nahian, baina, era berean, elizak egin zuen modu beretik, jendarte-sare autonomoak eta herri eta kultur gutxitu zein indigenen mundua birrinduz.

Bizitzaren etapa guztietan gutariko edonork laguntza behar duenean, gertuko sareetara jotzen du, etxekoengana, senitartekoengana, auzokideengana. Soilik gertuko sare horiek erantzuteko gaitasunik ez dutenean jotzen dugu ezezagunengana. Hori dela eta, zaintza, babesa eta laguntza eskaintzen duten zerbitzu publikoak tokian tokiko erakundeetatik bideratzen ohi da. Gertuko sare horien zein gertuko zerbitzu publikoen kanpo eragileren bat sartzen denean, menpekotasun arriskua handi daiteke.

Funtsak (poltsak)

Kultura indigena eta nekazari orotan, familiek hiru funtsa bereizten dituzte: 1-bizi-iraupenerako oinarrizkoa; 2-larrialdietakoa; eta 3-ospakizunetarakoa.

Familiek (zentzu zabalean ulertuta) eutsi nahi izaten diote hiru funtsen gaineko kontrolari; Agintariak, berriz, saiatzen dira hiru funtsa horietan eskua sartzen. Arestian esan bezala, gure testu-inguru geopolitikoan Eliza Katolikoa izan zen eskua sartzen trebea: lurrak pribatizatzen maizterrak izateko; diezmoa eskatzen larrialdi egoeretan boterea eskuratzeko eta ospakizun gehienak elizaren baimenaz egin zezaten ahaleginduz. Estatuek ere antzeko jokabidea izan zuten, lur komunalak pribatizatzen; derrigorrezko zergak ezartzen eta jai laikoak arautzen (14 juillet, esaterako).

Haatik, azkeneko urteetan beste aldaketa handi bat suertatu da. Jakina denez, Estatu-Nazioek gure inguruan transnazional eta “Merkatuaren” morroi gisa jokatzen dute. Horren ondorioz, orain, “Merkatua” da hiru funtsetan eskua sartu nahi duena.

Funtsa pribatuan lan-merkatua erabat menperatzen, etxebizitza eskubidea urratzen, gu geu salgai dagoen produktua bilakatzen; Larrialdietarako funtsean, bizitza osorako mailegu hipotekarioak zabaltzen eta jubilazio-planak pribatizatzen; eta ospakizunetarako funtsean, gure diru apurrak merkatalgune erraldoietan eta interneteko etengabeko erosketetan xahutu ditzagun aisialdia ere negozioa bilakatzen.

Estatu-Nazio eredua kinka larrian

Aipatutako arrazoiengatik eta beste hamaika aldagai direla medio, Estatu-Nazio eredua kinka larrian dago. Planeta osora zabaltzen diren bloke nagusiek lurraren eta gure espeziaren etorkizuna baldintzatuko dute: Errusia; Txina; AEB. Europa bloke horietako baten menpe erortzeko arriskuan, gure bizimoduak energia arloan eta elikagaietan (besteak beste) sortzen duen menpekotasunetik askatu ezinik.

Bilakaera historikoan protagonismoa galdu duen Europa honetan, baztertxo batean, gu gaude, euskal herritarrok. Estatu-Nazioa sortu ziren une historikoan ibilbide hori ukatu ziguten eta orain Estatu horiek zituzten tresna politiko, juridiko, ekonomiko eta soziokulturalen premia larria dugularik, eredu horrek ez du balio.

Halere, nire ustez, baikor jokatzeko datuak egon badaude. Mundu osora zabaldu den eredu jasangaitzari erantzuteko lanabesak baditugu. Ziur naiz askoz okerrago erantzungo dutela Frantziar eta Espainiar Estatuek. Horren lekuko kezkagarria, bi Estatu horietan indarberritu den ultraeskuina. Homogeneizazioan oinarritzen zen Estatu- Nazio hauen ereduak porrot egin du, dagoeneko ondorioak pairatzen ari direlarik.

Babestokia

Herritarrok eta herri txikiok gainera etorri zaigun ekaitza erraldoiaren aitzinean babestoki baten beharra dugu. Gure kasuan, frantziar eta espainiar Estatuek ez gintuzten errespetatu; ez gaituzte inoiz babestu, ez historian, ezta orain ere bloke hegemonikoen aurrean edota Merkatuen Diktaduraren atzaparretatik. Estatu horiek kale egin digute eta guk hanka egin behar dugu euren ziegetatik.

Birrindu dituzten jendarte-sareak josteari ekin behar diogu gertuko gunetatik hasita. Gure neurrira eta gure zerbitzuan eginiko errepublika behar dugu. Leku bat, non etorkizuna bideragarria izango den. Ezaugarri berriak beharko ditu gure Errepublikak, ezin baita eraiki XIX. mendeko Estatu-Nazioen moduan, mundua eta gu geu goitik behera aldatu garelako.

Estatu gutxiago eta jendarte-zibil gehiago behar dugu, baina bide batez, jabetza pribatu gutxiago eta publiko gehiago. Lapurtu diguten aisialdia berreskuratu behar dugu, Merkatuari oparitu diotena gureganatu, gure bizitzaren kontrolari eutsi eta lehia basatia, elkarlanaz ordezkatu.

Babestoki bat eraikitzeari egin behar diogu, sekula maite izan ez duten euskara hizkuntza bizia eta ohikoa izan dadin; jatorri guztietako euskal herritarrok eskubide berdinak eduki ditzagun; NATOtik ateratzeko; Bloke Hegemonikoek askatuko dituzten mamu berri guztiak uxatu ahal izateko; demokrazia bermatzeko; ingurumena zaintzeko eta gizakiak zaintzeko. Euskal Errepublika behar dugu elkar zaintzeko.